Gizartea -
KORONABIRUSA
106raino jaitsi dira covid-19 kasu berriak Nafarroan eta % 5,7koa da positibo tasa
Hilabete eta erdian jaso den kopururik txikiena da. Martxoaren 19an 102 kasu berri zenbatu ziren, eta egun horretatik aurrera goraka joan da kopurua. Atzo, bestalde, 52 urteko gizon bat hil zen.
EITB MEDIA
Nabarmen jaitsi ziren atzo covid-19 kasu berriak Nafarroan. Foru Erkidegoko Osasun Departamentuak emandako behin betiko datuen arabera, 106 positibo berri atzeman zituzten, bezperan baino 54 gutxiago. Dena dela, 52 urteko gizon bat hil zen covid-19a dela eta.
Orotara, 1.844 PCR proba eta test antigeno egin ziren larunbatean (1.452 PCR eta 392 antigeno test), aurreko egunean baino 1.054 gutxiago. Datuokin, positibo tasa % 5,7koa da.
Atzo erregistratutako kasu berrien adin tarteei dagokienez, 15 urtetik beherakoen taldea (% 32) eta 45 eta 59 urte bitartekoena (% 24) nagusitu ziren. Ondoren, 30-44 urtekoena (% 20) eta 15-29 urtekoena (% 16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea ( % 5) eta 75 urtetik gorakoena (% 3).
Koronabirusaren azken olatu honetako datuak kontuan izanda, hilabete eta erdian jaso den positibo kopuru baxuena izan zen atzokoa. Martxoaren 19an 102 kasu berri zenbatu ziren, eta ordudanik atzemandako positibo kopurua dezente handiagoa izan da. Azken igandeetako datuak kontuan hartuta ere, beherakada nabarmena da: gaur zortzi 143 kasu jakinarazi ziren, eta gaur hamabost, 139.
Astean zehar, 130 kasu erregistratu ziren astelehenean (% 5,5), 156 asteartean (% 5,3), 181 asteazkenean (% 6,4), 145 ostegunean (% 5,6), 160 ostiralean (% 5,5) eta 106 larunbatean (%5,7). Aurreko asteko datuekin alderatuta, % 15 jaitsi dira kasuak.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 329koa da Nafarroan, eta 7 eguneko intzidentzia 152koa.
Atzo bost ospitaleratze eragin zituen covid-19ak, inor ez ZIUan. Dena dela, 52 urteko gizon bat hil zen gaixotasun honengatik, eta jada 1.166 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.
Ospitaleei dagokienez, 194 covid gaixo daude ospitaleratuta Nafarroan, horietako 37 ZIUan.
Txertaketari dagokionez, jasotako 277.945 dosietatik 250.395 jarri dituzte jada Nafarroan, larunbat honetan 4.758 dosi eman ostean.
Bi dosiak jasota eta erabat imminizatuta daude 74.956 herritar, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.