Gizartea -
Araba
Gizon bat eta emakume bat atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso egiteagatik
28 urteko gizasemeari genero indarkeriaren delitua egotzi diote, eta 36 urteko emakumeari, etxeko indarkeria.
E. G. | EITB MEDIA
Gasteizko Udaltzaingoak 28 urteko gizonezko bat eta 36 urteko emakumezko bat atxilotu ditu asteburuan, hurrenez hurren, bikotekide ohia eta bikotekidea kolpatzea egotzita, tokiko Poliziak ohar batean jakinarazi duenez.
Lehen atxiloketa ostiral arratsaldean egin zuten Sansomendi auzoan. 18:00etan, etxebizitza baten aurrean mozkor zegoen gizon batez ohartarazi zuten Polizia.
Gizonak bertan bizi zela esan zien agenteei identifikatu zutenean, baina gerora aitortu zuen bikotekide ohiaren etxea zela. Udaltzainek emakumeari deitu zioten eta honek adierazi zien goizean eraso egin ziola. Genero indarkeria egotzita, atxilotuta eraman zuten agenteek. Igandean igaro zen epailearen aurrera.
Larunbat arratsaldean, beste eraso baten berri izan zuen Udaltzaingoak, kasu honetan Pilarreko auzoan.
Gertakariak 20:00etan jazo ziren El Salvador kalean. Lekukoek ohartarazi zutenez, emakume bat ikusi zuten gizon bat jotzen.
Bertaratzean, gizonak zituen lesioak ikusita eta lekukoen adierazpenak oinarri, emakumea atxilotu zuten etxeko indarkeria egotzita.