Gizartea -
EGURALDIA
Apiril hau azken urteetako bigarren lehorrena izan da
Gainera, mende honetako apirileko gutxieneko tenperaturarik baxuenak erregistratu dituzte Euskalmetek isurialde atlantikoan dituen hainbat estaziotan.
EITB MEDIA
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak oso lehortzat jo du apirila, euri oso gutxi egin duelako, espero zenaren erdia baino gutxiago. Horrela, apirila azken urteotako apirilik lehorrenetako bat izan da, 2010koan bakarrik egin zuen gutxiago.
Euskalmeten arabera, apirilean erregistratu diren prezipitazioen kopuruak kontuan hartuta, hilabete oso lehorra izan da, Arabako Lautadaren mendebaldean eta Arabako haranetan izan ezik, horietan lehortzat jo baita. Euri-egunak batezbesteko normalaren azpitik geratu dira nabarmen, eta sei egunetan bakarrik egin du euria itsasertzean eta bederatzi egunetan Arabako Lautadan. Hau da, isurialde atlantikoan baino euri-egun gehiago izan dira isurialde mediterraneoan, ohikoa, hain zuzen ere, alderantzizkoa bada ere.
Aldi berean, tenperatura kontraste handiak markatu dute hilabetea. Ohiz kanpoko tenperatura altuekin hasi zen, eta apirileko gutxieneko tenperatura baxuetan hainbat errekor hautsi dira.
Tenperaturari dagokionez, apirila normala izan da EAEn; Gipuzkoako itsasertzean epelerako joera izan du eta Arabako erdialdean hotzerakoa. Euskalmetek izotz-egunak azpimarratu ditu, espero zirenak baino bi aldiz gehiago izan baitira Arabako hainbat lekutan.
Hilaren 16an mende honetako apirileko gutxieneko tenperaturarik baxuenak erregistratu dituzte Euskalmetek isurialde atlantikoan dituen hainbat estaziotan. Horrekin batera, urte-sasoi honetan espero zena baino handiagoa izan da intsolazioa, batez ere Gipuzkoako kostaldean; % 30 altuagoa, hain zuzen ere.