Gizartea -
DIBULGAZIO ZIENTIFIKOA
Ozeanografia Institutuak esploratu ez diren itsas hondo harritsuak aztertuko ditu
ESMARES jarraipen-programa estandarizatua garatzeak aukera emango du autonomia-erkidegoan habitatek izan duten bilakaera aztertzeko.
EITB MEDIA
Hamabost egunez, Espainiako Ozeanografia Institutuko zientzialariek Kantauri itsasoko eta Galiziako kostaldea zeharkatuko dituzte bertako itsas hondo harritsuak aztertzeko, 75 eta 800 metro bitarteko sakoneran, teknologia aurreratuena erabiliz inoiz esploratu gabeko habitatetan urpeko irudiak grabatzeko.
Ikerketa taldea asteazken honetan atera da Santanderko portutik, Angeles Alvariño itsasontzian, oraindik ezagutzen ez diren hondo harritsu horien ingurumen-egoera monitorizatzeko lehen kanpainan.
Alberto Serrano ikertzaile eta kanpainaren buruak azaldu duenez, proiektuaren helburua "gaur egun hondo harritsu sakonetan eta hain sakonak ez diren baina urpekaritza teknika normalekin iritsezinak direnetan dauden habitat eta komunitateei buruz dagoen ezjakintasun handia murrizten laguntzea da".
Institutuak ohar baten bidez adierazi duenez, Circarock 0521 kanpainaren diseinua habitatei buruzko aurretiko ezagutza eskasetik abiatzen da. Horiei buruzko informazioa urria eta sakabanatua da, eta beste proiektu batzuetan aztertu diren itsas eremu babestuetara mugatuta dago.
Helburuak betetzeko, abangoardiako teknologia erabiliko dute, hala nola itsasontzitik urrutitik kontrolatutako itsaspeko ibilgailu bat (Lirupus 2000) eta lera fotogrametriko bat (Tasife 2013). Bi tresna horien ezaugarriei esker, 800 metrorainoko sakoneran laginak hartu eta inoiz esploratu gabeko habitatak grabatu ahalko dituzte.
Estatuko iparraldeko kostaldean ESMARES programaren barruan egiten den lehen kanpaina da hau; programa horrekin ekosistema horien egoeraren jarraipena egingo da urtero. Espainiako Ozeanografia Institutuak azpimarratu duenez, programa hau "aurrekaririk gabeko ahalegina da": urpekaritza zientifikoaren bidez 25 ikerketa ozeanografiko eta behaketa baino gehiago aurreikusi dituzte 2021erako, eta 3,3 milioi euroko inbertsioa egin da azpiegitura eta zientzialari gehiago izateko.
Jarraipen-programa estandarizatua garatzeak aukera emango du autonomia-erkidegoetako habitaten bilakaera aztertzeko. Beraz, alde batetik, sakon ezagutu behar da habitaten banaketa espaziala, eta horien kontserbazio-egoera; eta, bestetik, jakin behar da zer-nolako eragina duten horietan arrantzak edo beste mehatxu batzuek, hala nola klima-aldaketak.
"Habitat ahulen gaineko inpaktuen azterketa funtsezkoa da horiek babesteko kudeaketa-neurriak diseinatzeko, itsas ekosistemen kontserbazioa eta eremu horretan garatzen diren jarduera ekonomikoen eraginak bateratzen saiatuta", adierazi du Serranok.