Itxi

Gizartea

Teknologia

NFTen merkatua: autoretza, espekulazioa eta Boliviak adina kutsatzen duen industria

Berezi Fernandez | EITB Media

Jatorrizko obra baten autoretza erosten da NFT aktibo digitala erosten denean. 2021ean dirutza mugitzen ari da negozioa.

  • 'Disaster Girl' memea

    'Disaster Girl' memea. Argazkia: Youtube

Jack Dorseyek (Twitterren sortzaileetako bat eta enpresaren zuzendari exekutiboa) historiako lehen txioa —Dorseyek berak 2006ko martxoan idatzitakoa— enkantean jarri zuen 2021eko martxoan. 2,9 milioi dolarrean erosi du azkenean Sina Estavi enpresariak, NFT (non-fungible token) formatuan. NFT bat aktibo digital mota bat da, ondasun bakar, banaezin eta egiaztagarri bat ordezkatzen duena. Hala, Estavik txioaren egiazkotasun agiriaren antzeko zerbait eskuratu du, txioa bera edonork ikusi eta konpartitu dezakeen arren.

Hilabete berean, Beeple artista digital estatubatuarrak Everydays.The First 5000 Days collagearen NFTa saldu du 69 milioi dolarren truke, Christie's enkante etxe ezagunean.

Aipatutakoez gain, azken hilabeteotako prentsan askotarikoak izan dira aktibo digitalen inguruko goiburuak: pixel bat erosi dute 1,1 milioi euroren truke, Disaster Girl izeneko memea —neskato bat kamerari begira ageri da, atzean sute bat duela— 500.000 dolarrean saldu dute eta Kings of Lion rock taldeak bere hurrengo lana NFT formatuan kaleratuko duela iragarri du.

NFTak, labur azalduta: zer dira eta zertan dautza?

2020a Bitcoinen eztandaren urtea izan zen, eta dagoeneko esan daiteke 2021ean NFTak indar handiarekin sartu direla diru digitalaren merkatuan. Blokeen kateek (blockchain) osatzen dituzte token ez suntsikorrak (NFT), Ethereum plataformaren bitartez. Kate horien bidez, artelan baten, Instagrameko argitalpen baten, aldizkari baten azalaren edota abesti baten autoretza modu seguruan salerosi daiteke.

Badira NFT guztiek komunean dituzten hainbat ezaugarri: aktibo bakarrak dira —Internet bidez kopiatu, konpartitu eta erreproduzitu daitezke, baina autoretza jabearena da—, banaezinak dira, ezin dira desegin eta egiaztagarriak dira.

Aitorpenaren eta espekulazioaren arteko muga lausoa

Jon Astorquiza ElektrARTen sortzaileak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan azaldu duenez, NFTen bidez "ondasun baten autoretza balioestea" bilatzen da. Hau da, Astorquizaren esanetan, tokenak "balio aldaezina duten egiazkotasun zigiluak" dira, eta salmenta osteko irabaziak puztu egiten dituzte "obra birsaltzen den bakoitzean artistak kobratzen jarraitzen duelako".

Artearen munduko sortzaileak, baina, ez dira aktibo ez suntsikorren merkatuan indarrez sartu diren eragile bakarrak. Enpresa teknologiko handiak izango dira negozio honetan "irabazi gehien izango dituztenak", eta, elkarrizketatuaren hitzetan, horregatik uler daiteke "txioak zentzugabeko prezioetan saltzea".

Azkenik, Astorquizak honakoa azpimarratu du: "Honen guztiaren atzean teknologia enpresa handiak daude. Enpresari horiek dira teknologien jabeak, eta bertatik sustatu dute merkatu hau, sistemari beste balio bat emateko, beraientzat egokia den bidea har dezan".

Badaude NFTen industriarekin kritikoak diren hainbat sektore eta ekintzaile. Horietako bat da Vicky Osterweil idazle eta editore estatubatuarra. Osterweilek berak Real Life aldizkariko artikulu batean idatzi duenaren arabera, NFTen erosketa "fenomeno konplikatu eta ulergaitz gisa saltzen ari dira, arreta fokua desbideratzeko ekintza gogaigarria baino ez denean".

Ildo beretik, idazleak berretsi du aktibo ez suntsigarriek ez dutela balio artearen mundua eta bere "prozesu instituzionalizatuak deuseztatzeko", "prozesuok elektrizitate kontsumoaren bidez ordezkatzeko" baizik. Horrela, Osterweilek adierazi du NFTak "artearen inguruan eraikitako finantza burbuilaren erakusle perfektuak dira".

Nola azaldu daiteke meme bat erosteko familia batek bi egunean kontsumitzen duen energia kantitatea behar dela?

Diru digitalaren espekulazioak sortzen dituen eztabaidez haratago, NFTek ingurumenean eragiten duten kalteari buruzko alarma sortu da. Izan ere, aktibo digitalak sortzeko erabiltzen diren bloke kateek energia asko kontsumitzen dute, datuen fluxua oso handia delako eta lan konputazional handia eskatzen duelako.

Bitcoinek (bloke katerik ezagunenak) ingurumenean uzten duen kutsatze arrastoari buruzko ikerketa andana dagoen arren, oraindik ezinezkoa da Ethereum plataformak (NFTak merkaturatzeko erabiltzen da) naturan duen eraginaren inguruko datu zehatzak eskuratzea. Hala ere, Digieconomist egunkari espezializatuak Ethereumen kontsumo energetikoaren inguruko indizea sortu du.

Indizearen batez besteko emaitzen arabera, token ez suntsigarrien industriak Bolivia bezalako herrialde batek adina CO2 isuri du azken urtean, eta Hungariak besteko energia kontsumitu. Eguneroko salerosketen datuei dagokienez, gaur egun, transakzio bakoitza AEBko familia batek bi egunean kontsumitzen duen argindarraren batezbestekoarekin alderatu daiteke.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena