Gizartea -
KORONABIRUSA
101 positibo atzeman dituzte Nafarroan, azken hilabete eta erdiko kopururik txikiena
Bederatzigarren egunez jarraian, 150eko langatik behera daude kutsatzeak. Altsasun atzeman zituzten atzo positibo gehien: hamar.
EITB MEDIA
Beheranzko joerari eutsi dio beste egun batez Nafarroak, 101 covid-19 kasu berri atzeman baitzituzten larunbatean, bezperan baino 10 gutxiago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Duela zazpi egun baino 5 kasu gutxiago (106) dira eta duela 14 egun baino 42 gutxiago (143). Gainera, hilabete eta erdi egin beharra dago atzera, datu txikiago bat topatzeko, martxoaren 21era, hain zuzen ere. Egun hartan 66 positibo izan ziren.
Altsasun atzeman dituzte kutsatze gehien: hamar. Ondoren, San Adrianen 6, Etxarri Aranatzen eta Leitzan 5 eta Iruñeko Milagrosa eta Iturrama auzoetan ere bosna.
Atzo 1.779 proba egin ziren (1.456 PCR eta 323 antigeno test), eta, beraz, positibotasun tasa % 5,7koa izan da.
Astean zehar, Foru Erkidegoan 122 kasu atzeman ziren astelehenean ( % 5,1), 109 asteartean ( % 3,5), 134 asteazkenean ( % 5), 125 ostegunean ( % 6,2), 111 ostiralean ( % 5) eta 101 larunbatean.
Larunbatean 143 pertsona zeuden Nafarroako ospitaleetan ingresatuta covid-19a dela-eta (bezperan baino 9 gutxiago), horietako 28 ZIUn.
Gainera, 88 urteko emakume bat hil zen atzo covid-19agatik. Nafarroan, guztira, 1.175 heriotza baieztatu dira covid-19ak eraginda, eta 60.617 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.
Txertaketa prozesuari dagokionez, 4.749 dosi jarri zituzten larunbat honetan. Horrela, Nafarroan 294.231 txerto inokulatu dituzte eta 90.030 pertsonak dute jada pauta osoa (bi dosiak).
Bestalde, gogoan izan behar da, bart 00:00etan, geratu dela bertan behera alarma egoera estatu osoan. Horren aurrean, Maria Chivite Nafarroako presidenteak nabarmendu duenez, "deseskalatze zuhur, progresibo, mantso eta segurua" egingo dute gaurtik aurrera eta maiatz osoan. Indarrean izango diren neurri murriztaileei dagokienez, etxeratze aginduari eutsiko diote, baina ez itxiera perimetralari.
Ostalaritzari dagokionez, 12:00ak arte barruko mahaiak erabiltzeko baimena emango dute, eta bazkariak eta afariak eskaintzeko aukera izango da 22:00ak arte. Maiatzaren 17tik aurrera, ostalaritzaren barnealdea pixkanaka zabaltzen hasiko dira.