Publizitatea
Itxi

2021/05/11

15:01

Gizartea

MOBILIZAZIOA

Donostian etxebizitza eskubidea eskatzeko manifestazioa deitu dute

EITB MEDIA

Donostiako hamar bat kolektibok manifestazioa egingo dute maiatzaren 22an, "etxebizitza larrialdi" baten aurrean.

  • Donostia.

    Donostia. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Donostiako hamar bat taldek manifestazioa egingo dute maiatzaren 22an Gipuzkoako hiriburuan, "etxebizitza eskubidea" aldarrikatzeko eta agintari politikoei "espekulazioarekin eta bizilagunen oinarrizko beharrekin negozio egiten dutenen alde gobernatzeari" uztea eskatzeko.

BiziLagunEkin Plataforma, Bidebietako Auzo Sarea, Donostialdeko Okupazio Bulegoa, Donostialdeko Maizterren Sindikatua, Egia 22 Asanblada, Heriz Plataforma, Infernua Bizirik, Kaleratzeak Stop eta Azorako Maizterrak dira, besteak beste, "etxebizitza larrialdiaren" aurrean mobilizazioa deitzea erabaki duten erakundeetako batzuk.

Plataformek salatu dutenez, Donostian "arazo larria dago etxebizitzarekin", "urteetan luzatzen dena" eta "denbora pasa ahala, konpontzera bideratu ordez okerrera egiten ari da".

"Espekulazioaren atzaparrak pertsonen eskubideen eta duintasunaren gainetik pasatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Hiriko arazo sozial nagusietakoa dena, aldi berean, diru gehien mugitzen duen negozioetako bat da. Eta hori ez da zilegi; izan ere, etxeak bizitzeko dira, ez negozio egiteko", adierazi dute.

Horien hitzetan, hiritarrak nazkatuta daude eta hiriaren egoera (estatu mailan etxebizitza alokatu eta erosteko garestienetako bat da) "ez da onargarria eta ez daude onartzeko prest".

"Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bestelako politikak lehentasunez eta urgentziaz ezarri behar dira. Etxebizitzaren prezioak eta, bereziki, alokairuarenak gora eta gora egiten du, funts putreak heldu dira eraikin osoen jabe egin eta bizilagunak kanporatzera, behar gorrian dauden pertsonak babesgabe daude, belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartua ikusi du", nabarmendu dute.

Gainera, ohartarazi dutenez, "turistifikazioak hotel eta pisu turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar diren etxeak", eta arazo horiek guztiak "ez dira indibidualak edo pertsonalak", "gizarte osoarenak" baizik.

"Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo-komunitateen desegitea arrisku errealak baino gehiago dira, martxan dauden prozesuak dira", azpimarratu dute. Atzera-bueltarik gabeko arazoak sortzen dituen egoerari aurre egiteko beharrezkotzat jo dute elkartasuna, "arazo konponezinak" bihurtzen dituen "egoera larriari" aurre egiteko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;