Gizartea -

KORONABIRUSA

EH Bilduk barnealdeak toki seguruagoak izateko neurriak proposatu ditu

Listu bidezko test lasterren erabilera orokortzea eta barrualdeetan CO2 neurgailuak jartzea jasotzen duen legez besteko proposamena aurkeztu dute, kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin.

Maddalen Iriarte eta Rebeca Ubera, gaur Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EH Bildu.
Maddalen Iriarte eta Rebeca Ubera, gaur Eusko Legebiltzarrean.
Maddalen Iriarte eta Rebeca Ubera, gaur Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EH Bildu.

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, gune itxietan segurtasuna areagotzeko neurri zehatzak jasotzen dituena, hala nola listu bidezko test azkarren erabilera orokortzea eta CO2 neurgailuak instalatzea gune itxietan, koronabirusa kutsatzeko arriskua murrizteko.

Maddalen Iriarte eta Rebeka Ubera legebiltzarkideek proposamenaren aurkezpen prentsaurrekoan adierazi dute, txertaketa kanpainak abiada hartu duen arren, talde immunizaziotik "urrun" gaudela oraindik. Gaineratu dutenez, hori lortzean ere, denbora batez neurri osagarriak betetzen jarraitzea "beharrezkoa izango da".

Bere ekimenean, Osasun Sailak listu bidezko test azkarrak astean bitan egiteko aukera aztertzea proposatu du EH Bilduk. Proba mota hori "% 100ean fidagarria ez" dela onartu arren, koalizioak uste du "kutsadurak detektatzeko eta birusaren hedapena prebenitzeko tresna baliagarria" dela, Uberak azaldu duenez, "espazio itxietara sarbide seguruagoa bermatzeko balioko lukeelako", hala nola ostalaritzara, kultur jardueretara, garraio publikora, lantokietara, gimnasioetara edo kiroldegietara.

Testen emaitzak aplikazio digital batean erregistratzea eta positibo ematen dutenei berehala PCR proba bat egitea proposatzen dute. Sistema horren bitartez, kasu bakoitzaren trazabilitatea "berme handiagoekin" osatuko litzateke, alderdiaren iritziz.

Osasun Sailak aplikazio hori diseinatu eta baliabideak jartzea proposatzen du, listu bidezko testa prezio baxuan egon dadin farmazietan, bai eta taberna, jatetxe, kiroldegi edo lantokietan ere saltzeko aukera aztertzea ere.

EH Bilduren proposamenak jasotzen duen beste neurria da CO2 neurgailuak eta airea garbitzeko sistemak jartzea eremu itxietan, publikoetan zein pribatuetan (merkataritza, ostalaritza, lantokiak, hezkuntza zentroak eta garraioa), "airearen kalitatea hobetuko" lukeelako eta "ostalaritzari eta merkataritzari oro har bultzada emango" liokeelako.

Birusari aurre hartzea

Proposamen horiekin “prebentzioan sakontzea dugu helburu”, Iriartek azaldu duenez, bai eta Jaurlaritzak orain arte pandemiaren aurka erabili duen "estrategia gainditzea" ere.

“Birusaren atzetik ibili beharrean, birusaren ondorioak tratatu beharrean, birusari aurrea hartu behar diogu. Helburua ezin da birusaren ondorioei erantzutea izan, kutsatzeak ekiditea baizik. Prebentzioa, hitz batean", adierazi du  EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak. Era berean, Jaurlaritzari eskatu dio jarrera proaktiboagoa izateko, estrategia ezin baita izan "behatzak gurutzatzea eta itxoitea, ea horrela dena konpontzen den”.

Iriartek, EH Bilduren lan "eraikitzailea eta proposatzailea" aldarrikatu du; izan ere, pandemia hasi zenetik, Legebiltzarrean eztabaidatu diren 86 proposamenetatik 70 koalizioak aurkeztu dituela esan du, nahiz eta, "tamalez", % 84 EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dituen, batzuetan "eztabaidatu ere egin gabe".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Koronabirusa