Gizartea -
Bizkaia
Gazte bat atxilotu dute, Kopako finalean botila batekin emakume bat zauritzeagatik
Realaren eta Athleticen arteko finalaren atarian Bilbon izan ziren istiluetan, neska bat larri zauritu zuten buruan botila batekin jota. 18 urteko gazte bat atxilotu dute Barakaldon erasoarekin lotuta
EITB MEDIA
Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo Barakaldon, joan den apirilaren 3an Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean pertsona talde batek sortu zituen desordena publikoetan emakume bat buruan jo zuen botila botatzea leporatuta, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Segurtasun Sailak zehaztu du herritarren laguntzarekin eta partikularrek bidalitako bideoei esker lortu dutela ustezko erasotzailea identifikatzea.
Istiluak Athleticek eta Realak jokatu zuten Kopako finalaren atarian izan ziren. Jendetza pilatu zen Poza Lizentziatua kalean eta ezezagunek zakarrontziei su eman zieten eta objektuak jaurti zituzten ertzainen aurka.
Liskar horietan, emakume bat larri zauritu zen, gazte batek jaurtitako botila batek ezustean buruan jota. Konortea galduta lurrera erori zen eta bi egun eman zituen ospitalean.
Ertzaintzak atzo atxilotu zuen ustezko erasotzailea Barakaldon. 18 urte ditu eta desordena publikoak eta lesio larriak eragitea egotzi diote. Gaur eraman dute epailaren aurrera.
Guztira, bost pertsona atxilotu dituzte apirilaren 3an Bilbon izan ziren istiluekin lotuta, eta beste hainbat pertsona ikerketapean daude.