Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui: "AstraZenecaren ordez Pfizer emanda, txertaketa moteldu egingo da"

AstraZenecaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherako pertsonei orain Pfizerren dosia emanez gero, txerto horrekin egin beharreko txertaketak bi astez etenda geratuko liratekeela ohartarazi du.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak atzo erabaki zuen AstraZenecaren lehenengo dosia jaso duten 60 urtetik beherako pertsonen kasuan Pfizerrena izango dela bigarren dosia, konbinazioa segurua eta eraginkorra dela egiaztatu dutelako.

Gaur, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du aukera horren ondorioak aztertzen ari dela Eusko Jaurlaritza, eta ohartarazi du, hala eginez gero, Pfizerren dosiak jaso behar dituzten herritarren txertaketa bi astez atzeratuko litzatekeela.  

Osasun Publikoaren Batzordeak hartutako erabakia ez da behin betikoa; izan ere, arratsalde honetan (18:00) Lurraldeen arteko Osasun Kontseilua bilduko da eta erkidegoetako agintariek ebazpen hori berretsi ala ez adostu beharko dute.

Testuinguru honetan, Sagarduik esan du hainbat gauza argitzeko daudela oraindik, hala nola AstraZenecaren lehen dosia jaso duen pertsona batek konpainia horren bigarren dosia jar diezaiotela eska dezakeen edo ez. "Kontu hau ez zuten atzoko bileran zehaztu", deitoratu du.

Halaber, AstraZenecaren lehen dosia jarrita duten pertsona askok bigarren dosirik ez jartzea erabaki dezaketela eta hori ere kontuan hartu beharra dagoela esan du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 83.000 lagunek jaso dute AstraZenecaren lehen dosia eta bigarrenarekin zer gertatuko den argitzeko zain daude. Maiatza bukaerarako, 50.000 baino gehiago izango dira bigarren dosia hartzeko 12 asteko epea agortuta izango dutenak.

AstraZenecaren lehen dosia hartu dutenei Pfizerrena eman behar zaiela baieztatuz gero, konpainia horrekin egin beharreko txertaketa prozesua bi astez atzeratuko litzatekeela ohartarazi du Sagarduik, Pfizerrena jaso behar duten pertsonei emateko beste dosi ez dagoelako.

Horrez gain, Sagarduik gogora ekarri du ez dakitela AstraZenecaren hurrengo dosiak noiz jasoko dituzten, ezta zenbat izango diren ere. Halaber, azpimarratu du 60 eta 69 urteko pertsonak ere AstraZenecaren bigarren dosia jasotzeko zain daudela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak