Gizartea -
Armak
Gipuzkoako Guardia Zibilak 929 kartutxoko hiru pakete geldiarazi ditu
Paketeak Jundizko (Gasteiz) Correosko instalazioetan aurkitu zituzten, eskanerren bitartez.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Guardia Zibilak, Zarauzko Armen eta Lehergailuen Ikuskaritzarekin batera, 929 kartutxo ez metaliko zeuzkaten hiru pakete atzeman ditu. Paketeak Correosek aurkitu ditu Jundizen (Gasteiz), eskanerrak erabiliz. Igorlearen arabera, paketeak bera bezala bildumazaleak diren hiru hartzaileri helarazi nahi zizkion.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzaren arabera, kartutxoak kalibre desberdinetakoak ziren (12, 16, 20 eta 28 mm-koak) eta “egoera onean” zeuden, kutxetan sartuta eta egunkari paperean bilduta. Correosek Guardia Zibilari abisua eman eta gero, kutxak igorlearen aurrean ireki zituzten.
Paketeak hiru bildumazaleri bidali nahi zizkiela azaldu zien bidaltzaileak, eta horrelakoak bidaltzeko arauzko bidea zein den ez zekiela gaineratu zuen. Hala eta guztiz ere, Zarauzko Armen eta Lehergailuen Ikuskaritzak salaketa jarri du horren kontra Herritarren Segurtasuna Babesteko 4/2015 Lege Organikoaren balizko arau-hauste bat egin duelakoan.
Bestalde, armen, kartutxoen edo horien bidalketen inguruan edozein zalantza izatekotan, Armak Ikuskatzeko Unitatearekin harremanetan jartzeko eskatu diete herritarrei, horrek baitu arma eta lehergailuen inguruko eskumena esklusiban. Azaldu dutenez, horrelako bidalketak “baimena duten enpresen bidez egin behar dira” eta “piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudiak jasotzen dituen betebeharrak bete behar dituzte”.