Gizartea -
Hezkuntza eta berdintasuna
Jaurlaritzak Nahiko berdintasun programa bultzatuko du ikastetxe gehiagotara iristeko
Dagoeneko 20.000 ikaslek parte hartu dute programa horretan, eta helburua haurrek "berdintasunarekin, errespetuarekin eta indarkeriarik ezarekin lotutako balioak ikastea" da.
N. B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat emango dio Emakunderen berdintasunaren arloko Nahiko hezkidetza-programari hurrengo edizioan ikastetxe gehiagotara irits dadin; izan ere, Lehen Hezkuntzako 20.000 ikasle inguru igaro dira programa horretatik bere 18 urteetan.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Santurtziko Serantes zentroan izan dira, Aintzane Urkijo udalerriko alkatearekin batera.
Bertan, haurrek "berdintasunarekin, errespetuarekin eta indarkeriarik ezarekin lotutako balioak ikastea" helburu duen Nahiko programaren aplikazioa ezagutu ahal izan dute, baita balio horiek "eguneroko portaeretara" eramateak duen garrantzia ere, Artolazabal sailburuak adierazi duenez.
Sailburuak azpimarratu du egindako ebaluazioek berretsi egiten dutela programatik igaro diren haurren harremanak hobetu egiten direla eta berdintasunezkoagoak eta errespetuzkoagoak direla; horregatik, iragarri du Emakundek beste bultzada bat emango diola programari, hurrengo edizioan ikastetxe gehiagok parte har dezaten.
Programarekin bat egiten duten ikastetxeek bi ikasturtetan lantzeko konpromisoa hartzen dute. Edizio honetako azken bi ikasturteetan 49 ikastetxek (305 gela), 364 irakaslek eta 6.000 ikaslek parte hartu dute.
Artolazabalek "ezinbestekotzat" jo du ikasleekin batera heztea, "mundua ulertzen eta haren balioak eta arauak barneratzen hasi diren adinetan, badakigulako berdintasuna irakasten ez bazaie desberdintasuna ikasten amaitzen dutela".
Hala, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskadin Hezkidetzaren II. Plana izatea euskal hezkuntza-sistemarako, berdintasunerako eta tratu onerako bidean; izan ere, "ezinbesteko tresna da, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan urrats garrantzitsuak ematea ahalbidetuko diguna".
Bestalde, Jokin Bildarratz sailburuak adierazi duenez, azken urteetan gizarteak "pauso handiak eman ditu norabide egokian, baina oraindik badugu zer egin, zer erakutsi", eta "baikor" agertu da, "belaunaldi berriek asko dutelako ikasteko, baina asko irakatsiko digute".