Gizartea -

MIGRAZIOAREN DRAMA

Elkarretaratzea deitu du Harrera Sareak Irunen, Bidasoako heriotza salatzeko

Irundik Hendaiara igeri joaten saiatu zen pertsona baten gorpua erreskatatu zuten atzo Bidasoan. 11:30ean izango da, gaur, elkarretaratzea Azken Portun, gorpua agertu den tokian.

Gorpua agertu den tokia. Argazkia: Harrera Sarea
Gorpua agertu den tokia.
66 pertsona migratzailek pasa dute gaua Irungo harrera aterpetxeetan

1:11

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hendaiara iritsi nahian Bidasoa ibaian itota hil den lehen pertsonaren kasuaren aurrean zerbait egiteko eskatu die Irungo Harrera Sareak erakunde publikoei, eta gertatuaren aurka protesta egiteko, elkarretaratzea deitu dute igande honetan, 11:30ean, Azken Portun, gorpua agertu zen tokian. Hildakoa Boli Kostako 28 urteko gazte bat da, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez. Espainiara Kanariar Uharteetatik sartu zen, ondoren Granadatik eta Madriletik igaroz, Irunera iritsi arte.

"Atzo bertan prentsaurrekoa eman genuen Irungo mugan migratzaileen aurkako jazarpen eta ehiza egoera salatzeko. Eta heriotzak eragingo dituela iragarri genuen gainera. 24 orduren ostean lehen heriotza jazo da" adierazi du Harrera Sareak, komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Bidasoa zeharkatzeko saiakerak "normalizatzen" ari direla ohartarazi dute. Izan ere, Europako beste herrialde batzuetara bidaiatzen jarraitzeko asmoz Irunera iristen diren migratzaileak "ezin dira zubietatik eta dauden pasabideetatik igaro, eta, beraz, are bide arriskutsuagoak hartzen dituzte" ohartarazi dute. Horren aurrean, "ez dugu heriotza migrazioaren sinonimo gisa normalizatuko" defendatu dute.

Migratzaileei egiten zaien harrera kudeatzeko erakunde arteko mahaia osatzen duten Irungo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zein Europako instituzio ezberdinei egun indarrean diren neurriak kentzeko eskatu diete: "Pertsonak hiltzera bultzatzen dituen kontrolean oinarritutako migrazio-politikak aplikatzeari uzteko eskatzen diegu. Ceutan, Kanarietan eta orain zirkulazio askatasuna duela dioen Europako barne muga batean, Schengen espazioan. Beste migrazio- eta harrera-politika batzuk posible dira. Ez ditzatela aplikatzen dituzten politika horiek aukera bakartzat aurkeztu. Gezurra da. Alternatibak badaude".

Bi pertsonak uretara jauzi egin dute goizean Irunen, bat hilik atera dute eta bestea Hendaian erreskatatu dute

Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek pertsona baten gorpua atera zuten atzo goizean Bidasoa ibaitik, Irun parean. Hain zuzen ere, migratzaile baten gorpua dela argitu zuen Harrera Sarea plataformak eta "hau gertatuko zela ikusia" zegoela salatu zuen.

Dirudienez, bizilagun batek ohartarazi zuen 11:00k aldera gorpua ikusi duela ibaian, eta, ondoren, aurkitu eta atera egin zuten larrialdi zerbitzuek.

Bestalde, Irungo Harrera Sareak baieztatu zuenez, adingabe bat erreskatatu zuten atzo goizean, hori ere Bidasoa ibaian, baina beste ertzean, Hendaian. Kasu honetan ere migratzailea zen erreskatatutako pertsona, eta egoera larrian atera zuten uretatik. 16 urteko Burkina Fasoko gazte bat da Hendaian erreskatatutakoa.

Harrera Sareak jakitera eman duenez, adingabea "biluzik eta hilzorian" zegoen erreskatatu zutenean, eta bizilagunek "jantzi" eta "suspertu" egin zuten; horren ostean, gaztea bidaia jarraitzen saiatu zen, baina "bi ordu geroago Frantziako Poliziak Irunera itzuli zuen". Horren aurrean, hori legez kanpokoa dela eta "adingabeak adingabeen zentro batera eraman" behar direla gogorarazi du migratzaileen eskubideen aldeko plataformak.

Irungo alkateak "gure esku dauden baliabide guztiak" eskaini ditu

Jose Antonio Santano Irungo alkateak "tristura handia" agertu du eta "gure esku dauden baliabide guztiak" eskaini ditu "laguntzeko". Alkateak Josu Erkoreka Segurtasun sailburuarekin hitz egin duela jakinarazi du, koordinatzeko eta udal laguntza eskaintzeko.

"Giza drama" horren aurrean, "guztion hausnarketa sakona" eskatu du Santanok, "etsipenak pertsona horiek bizitza jokatzera eta, tamalez, galtzera eraman ez ditzan".

Eusko Jaurlaritza "atsekabetuta"

"Aukera baten bila ari den pertsona batek bizitza galtzea" gertaera "tristea eta gogorra" dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta "atsekabea" agertu du gaur goizean Irunen gertatu denagatik.

Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohar batean adierazi duenez, gertatutakoa "argitzea" espero du, eta koordinazioan dira Segurtasun Sailarekin.

"Euskadin, Espainian eta Europan konpromiso kolektiboak eskatzeko unea da", baita "migrazio eta harrera politiketan gizatasuna eta eskubideak" eskatzeko unea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Hendaia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Protestak gaur Euskal Herriko ibaiak Itotzeak itsasoan