Gizartea -

NAFARROA

Ekologistak Martxan Tuteran golf zelai bat eraikitzearen aurka agertu da

Kolektiboak iragarri duenez, astelehenean elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean, euren haserrea eta proiektuaren aurka daudela erakusteko.

Tutera. Argazkia: Tuterako Udala
Tutera.
Tutera. Argazkia: Tuterako Udala

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuterako (Nafarroa) Udalak Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Ereduan golf zelai bat eraikitzeko aukera aztertzearen aurka agertu da Erriberako Ekologistak Martxan taldea.

"Zoritxarrez, Gobernu Taldea sustatzaileak eta enpresariak ezkutatzen dituen GRASS sasi-elkartearen interesetara makurtzen ari da", adierazi du talde ekologistak ohar batean.

"Enpresari horiek behin baino gehiagotan saiatu ziren Fontellasen golf zelai bat sustatzen, baina ez zuten hura eraikitzeko finantziazio pribatua lortu, eta orain finantziazioa publikoa lortzen saiatzen ari dira", gaineratu du.

Ekologistak Martxan taldearen ustez, tokiko gobernua "golf zelai bat Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Ereduan sartzeko asmoarekin, eraikuntzako lehen harria jartzen ari da". Horren arabera, egindako urratsen ondorioz, datorren astelehenean, maiatzaren 31n, "Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Eredua onartuko da, etorkizuneko golf zelairako lur lagapen bat sartuta".

Hala, egun horretan, osoko bilkura egiten ari diren bitartean, Plaza Zaharrean, udaletxe aurrean, elkarretaratzea egingo dutela iragarri du taldeak, euren haserrea eta proiektuaren aurka daudela erakusteko.

Horren hitzetan, Udalaren diru-kutxa "ez da interes pribatuetarako erabili behar". Halaber, proiektua "ur asko kontsumitzen duen instalazioa" da, eta nekazaritzarako "kalitatezko espazioa kenduko du", lur ureztatuetan eraiki nahi baitute.

"Ideia horiek guztiak Tuterako Udaleko Gobernu Taldeari helarazi dizkiogu, eta orain arte gure eskaerari entzungor egiten ari da, gutxi batzuen interesetara makurtuta". Beraz, "golf zelai publikoak aurrera egin ez dezan beharrezkoa den borroka guztia egingo dugu", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Golfa