Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute emaztearekin zihoala autoarekin nahita istripua edukitzearren
Emakumea Cintruenigotik Tuterara eraman zuten izu egoeran eta zaurituta. Erasotzailea Iruñeko espetxean sartu dute epailearenetik pasatu ostean.
agentziak | eitb media
Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu du Cintruenigon (Nafarroa) genero indarkeria eta homizidio saiakera egotzita, emaztearekin furgonetan zihoala zuhaitz baten aurka istripua nahita izatea leporatuta.
Foruzaingoaren arabera, gertakaria igandean izan zen, NA-6801 errepideko lehenengo kilometroan, furgonetak zuhaitz bat jo zuen lekuan.
Emakumea gidariaren ondoko eserlekuan zihoan talka gertatu zenean, eta ibilgailutik atera eta laguntza eskatu zuen. Gizonezko batek lagundu zion eta osasun zentrora eraman zuen. Azkenean Tuterako Sofia Erregina ospitalean amaitu zuen, izu egoeran eta zauri arinekin.
Tuterako polizia judizialak hartu zuen bere gain ikerketa, eta gertakariak aztertu eta biktimaren salaketa jasota, gizonezkoa atxilotu zuten; izan ere, emakumeak adierazi zien istripua nahita eragin zuela, eta babesa nahi zuela.
Izapideak beteta, atxilotua Tuterako epailearen esku utzi zuten, eta horrek Iruñean espetxeratzeko agindua eman zuen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.