Gizartea -

Elkarretaratzea Donostian

Altzako masajista bat abusuengatik salatu zuten hiru adingabeei babesa adierazi diete

"Eraso sexistarik ez. Guk sinesten dizuegu" lelopean elkarretaratzea egin dute Larratxo auzoko plazan.

Elkarretaratzea Larratxo auzo donostiarreko plazan. Irudia: EiTB Media
Elkarretaratzea Larratxo auzo donostiarreko plazan.
Elkarretaratzea Larratxo auzo donostiarreko plazan. Irudia: EiTB Media

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsonak, Altza auzoko kolektibo feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Larratxo auzo donostiarreko plazan, hiriko masajista bat sexu-abusuengatik salatu zuten hiru adingabeei babesa adierazteko.

Mobilizazioa eguerdian egin dute, "Eraso sexistarik ez. Guk sinesten dizuegu" lelopean. Altzako feministek "biktimei babesa" adierazi diete agiri batean. Era berean, sexu-erasoak salatu dituzte.

Altzako eta Donostiako 30 elkarte eta kolektibo baino gehiagok elkarretaratzearekin bat egin dute. Era berean, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak, PSE-EEk eta EAJk mobilizazioa babestu dute.

"Gazteen hitza zalantzan jartzen eta salatuaren irudi ona garbitzen saiatu dira"

"Abusuei ez", "Bortxaketari ez" edo "Neskatoen abusuei ez" bezalako mezuak erakutsi dituzte karteletan.

Mobilizazioaren deitzaileek salatu dutenez, "gazteen hitza zalantzan jartzen eta salatuaren irudi ona garbitzen saiatu dira".

Gainera, "'ezinezkoa da', 'berak ez luke egingo' edo 'gezurra da' bezalako txutxu-mutxuak entzun dira Altzako denda eta tabernetan", kritikatu dute. Horrela, "biktimei errua bota diete", erantsi dute.

"Beste behin ere matxismoa sendo azaleratu da", azpimarratu dute. Azkenik, "sexu-erasorik" onartuko ez dutela ohartarazi dute, "ez Altzan, ez inon".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak