Gizartea -

Koronabirusa

16 urtetik gorako herritarren erdiek hartuta dute txertoaren lehen dosia EAEn

Bestalde, milioi erdi pertsonak lortu dute covid-19aren kontrako immunizazio osoa.

Osasun langile bat emakume bat txertatzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat emakume bat txertatzen.
16 urtetik gorako biztanleen erdiek hartuta daukate lehen dosia EAEn

1:19

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina erritmo onean dabil Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta zenbaki borobila harrapatu du asteon, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur zabaldu duen txertaketa-buletinaren arabera. Izan ere, 16 urtetik gorako herritarren erdiek (% 50,2) jaso dute txertoaren lehen dosia, eta jada milioi erdik, zehazki, 506.411 pertsonak (% 27,1), immunizazio osoa dute jada.

Azken txertaketa-buletin horren arabera, 936.281 pertsonak jaso dute Espainian covid-19aren aurkako txertoen (Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen) lehen dosia.

Txertaketa hasi zenetik, Euskadik 1.421.720 txerto jaso ditu, eta horietatik 1.287.426 eman ditu; hau da, jasotako txertoen % 97,6.

Buletinak erakusten duenez, txertaketan aurrera egiten ari da Euskadi; izan ere, 70 eta 79 urte bitarteko biztanleen % 92,1ek txertoaren bi dosiak jaso dituzte, eta 80 urtetik gorakoen artean, % 99k baino gehiagok.

60 eta 69 urte bitarteko euskal herritarren % 92,5ek dosi bat eman dute dagoeneko eta % 15,6k pauta osoa.

50 eta 59 urte bitartekoen artean, % 60,2k ziztada bat jaso dute, eta % 18,1ek, berriz, biak. Hurrengo adin-tarteetan, lehenengo dosia hartu dutenen ehunekoa % 14,2ra jaisten da 40 eta 49 urte bitartekoen artean, % 14,7ra 30 eta 39 urte bitartekoen artean, eta % 14ra 20 eta 29 urte bitartekoen artean.

Horrez gain, nabarmentzekoa da adingabeen artean immunizazio-prozesua hasi dela; izan ere, buletinaren arabera, 16 eta 19 urte bitarteko gazteen % 3,3k txertoen dosi bat jaso dute.

AstraZenecaren lehen dosia jaso dutenen 60 urtetik beherako 81.592 euskal herritarren artean, 5.970ek Pfizer prestakinaren bigarren ziztada jaso dute, hau da, % 7,3k.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak