Publizitatea
Itxi

2021/06/03

12:05

Gizartea

Epaia

EAJk, EH Bilduk eta Podemosek errefusatu egin dute Irungo euskararen inguruko epaia

N. B. | EITB Media

Alderdi horietako ordezkariek "kezka eta ezinegona" agertu dute, euskararen "normalizaziorako" bidean "atzerapausoa" dela uste baitute.

2:17
Legebiltzarra
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aitor Aldasoro (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu) eta Miren Gorrotxategi (Podemos) legebiltzarkideek adierazpen bateratua irakurri dute ostegun honetan, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo euskararen inguruan emandako epaia errefusatu dute; izan ere, "zalantzan jar dezake euskararen normalizazioan aurrera egiteko esparru juridikoa" sektore publikoan.

EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen, maiatzean, udaletxe gipuzkoar horren ebazpen bat, 2017an udaltzainen hamabi lanposturen deialdiari argi berdea eman ziona; izan ere, horren arabera, euskaraz jakiteko baldintza "diskriminatzailea" izan zen hizkuntza hori hitz egiten ez dutenentzat.

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdietako ordezkariek manifestua irakurri dute Eusko Legebiltzarrean, eta "kezka eta ezinegona" agertu dute, euskararen "normalizaziorako bidean atzerapausoa" dela uste dutelako.

"Epaiak kezkatzen gaitu, zalantzan jar dezakeelako euskal administrazioan euskararen normalizaziorako bidean duela hamarkada batzuetatik indarrean dagoen esparru juridikoa. Euskal gizarteak bermatzen duen ereduzko esparrua", dio testuak.

Talde horiek "udal-autonomia defendatzeko" behar duen laguntza eskaini diote Irungo Udalari, eta "lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko legitimitatea eta eskumena" aitortzen diote, "herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunean jarriz".

Gogorarazi dutenez, sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretua "funtsezkoa izan da langile publikoen hizkuntza-trebakuntzan aurrera egiteko eta gizarte osoaren hizkuntza-eskubideak bermatzeko", gaineratu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;