Gizartea -

Epaiketa

Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo du Elgoibarko hilketagatik akusatutako gizona

Gizon bat hil zuen labankadaz, eta haren bikotekidea larri zauritu zuen. Ordu batzuk lehenago, liskarra izan zuen taberna batean biktimarekin.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zinpeko epaimahaiak hilketa egotzi dio Elgoibarko krimenaren auzian epaitutako gizonari. Taberna batean liskarra izan ostean, labankadaz hil zuen gizon bat, eta haren bikotekidea larri zauritu zuen.

Fiskaltzak eta defentsako abokatuak mozkortuta zegoela eta egindako kaltea onartu izana aringarritzat hartzeko eskatu zuten. Alabaina, bederatzi lagunek osatu duten zinpeko epaimahaiak ez dute halakorik ikusi.  

Gertakariak 2019ko maiatzaren 11n, goizaldean, jazo ziren, emakumearen etxearen atarian. Bi biktimek elkarri agur esan zienean, akusatuak labanaz eraso zien biei. Gizona hil egin zuen eta haren bikotekidea larri zauritu zuen. Ordu batzuk lehenago, liskarra izan zuten herriko taberna batean.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioan gaur gauean emandako epaiaren arabera, akusatua azpikeriaz aritu zen, biktimak alkohol-tasa altua zuela, armagabetuta zegoela eta erasoa lepotik egin ziola kontuan hartuta.  

Gauzak horrela, epaimahaiak ebatzi du biktimak ez zuela bere burua defendatzeko aukerarik izan.  

Ebazpenaren ondotik, aldeek saio bat egin dute eta beren zigor-eskariak egokitu dituzte. Horrela, bada, Fiskaltzak eta defentsak 17 urteko kartzela-zigorra galdegin dute; hildakoaren familiak 20 urteko kartzelaldia eskatu ditu; eta emakumearen abokatuak, 5 urtekoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Elgoibar Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak