Gizartea -

EPAIKETA

Elgoibarko krimenaren egileak esan du berak ere ezin duela azaldu gertatutakoa

Pablo Acuña hiltzeaz akusatutako gizonak errudun dela onartu du, baina hilketa ukatu du. Fiskalak eta akusazio partikularrak, bere aldetik, hilketa leporatzen diote akusatuari.

Elgoibarko krimena. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Elgoibarko krimena
Elgoibarko krimena. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019an Elgoibarren herrikide bat bi labankadaz hil zuen eta bere bikotekidea, naziotasun berekoa, larri zaurituta utzi zuen nikaraguarrak esan duenez, berak ere ezin du argitu nola jazo zen gertaera hura, eta "istripu" bat izan zela adierazi du.

Fiskaltzak 24 urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon horrentzat, eta gaur bere deklarazioa izan da Gipuzkoako Auzitegian egiten ari diren epaiketaren ardatza. Joan den ostiralean, epaiketaren lehen saioan, defentsak erruduntasuna onartu zuen, baina gertatutakoa homizidio gisa aurkeztuta eta ez hilketa, akusazioek eskatu bezala.

Hilketa 2019ko maiatzaren 11ko goizaldean gertatu zen. Elgoibarko taberna batean hildakoarekin eztabaida bat izan eta ordu batzuetara, auzipetuak labankada bat eman zion, eta emakumeari arma zuriz hiru zauri eragin zizkion.

Bi urtez egun hartan gertatutakoaren inguruan inoiz deklaratu gabe egon ondoren, auzipetuak azpimarratu du ez zituela biktimak "ezagutzen" eta ez zuela "ezer haien aurka".

Auzipetuak azaldu duenez, gau hartan Elgoibarren edatera atera zen, eta "oso edanda" zegoen neska bat dantzara "gonbidatu" zuenean.

Dantza amaitu ondoren, mutil batek emakumeari eraso egin nahi ziola ikusi zuen, eta bikotekidearengana hurbildu zen, soilik dantzan aritu zirela azaltzeko. Egoera horren ondorioz, "borroka txiki bat" izan zen, eta, azkenean, segurtasuneko langileek biak lokaletik bota zituzten.

"Hain mozkortuta nenbilen, ez ditut orduak ere gogoratzen", gaineratu du auzipetuak. Bere esanetan, borroka gertatu eta denbora batera, "bat-batean", bikotearekin topo egin zuen, zerbait gosaltzeko leku baten bila ari zenean.

"Aurrez aurre gindoazen denok. Ez dut gogoan berak lehenengo niri edo nik berari errieta egin nion, eta hor gertatu zen borroka", esan du auzipetuak. Testuinguru horretan, fruta zuritzeko lanera eraman ohi duen aizto bat atera zuela argitu du.

Bere erasoa ez zela neskaren aurkakoa izan esan du, eta bere laguna "defendatzen" hasi zenean zauritu zuela uste duela. "Atxilotu nindutenean, oso harrigarria izan zen niretzat gertakariak hain larriak zirela jakitea", esan du.

Auzipetuak azaldu duenez, gertatutakoaren ostean "besterik gabe" ibiltzen hasi zen eta mendi martxa batean parte hartzen ari ziren batzuekin bat egin zuen, Karakate gainean. Orduan atxilotu zuen Ertzaintzak.

"Ez nuen inori ezer egiteko asmorik", azpimarratu du gizonak deklarazioaren beste une batean, eta "damututa" agertu da gertatutakoarekin, eta, negar zotinen artean, barkamena eskatu die kaltetuei, bere "arimaren" barru-barrutik.

Emakumearen adierazpena

Hala ere, bizkarrean, albo batean eta beso batean hiru labankada jaso zituen emakumeak lekukotza erabat desberdina eman du; izan ere, akusatua ezagutzen ez zuela berretsi arren, esan du ez duela gogoratzen gau hartan berarekin dantzatu zuenik, eta ez zela oso ondo ohartu tabernan bi gizonezkoen artean gertatu zenaz.

Biktimak gogorarazi du tabernatik irten ondoren beste batera joan zela, mutil-lagunarekin eta beste bikote batekin batera, eta, ondoren, guztiak oinez joan zirela etxera, gaua edaten eman ondoren.

Azaldu duenez, beste bikotea atzean utzi ostean, bere mutil-lagunarekin bakarrik zegoela, norbaitek bizkarrean jo zuela sentitu zuen. "Dena oso azkar gertatu zen, giltza eskuan nuen eta atarian sartu nintzen, baina buelta eman nuenean, itotzen ari nintzela sentituz, nire senargaia ez zegoen eta erasotzailea ere ez", adierazi du emakumeak malko artean.

"Gero odoletan zegoela ikusi nuen. Oso urduri jarri nintzen eta larrialdietara deitu nuen ", esan du biktimak.

Gau hartan erasoa jasan zutenekin egon zen bikoteak ere deklaratu du gaur, lehen gertakaria izan zen tabernako jabearekin, eta mendi martxako bi parte-hartzailerekin batera. Epaiketak bihar jarraituko du testigantza gehiagorekin.

2019ko maiatzaren 11n

Elgoibarko hilketa 2019ko maiatzaren 11n gertatu zen, 05:50 aldera. Antza denez, Elgoibarko taberna batean hildakoarekin eztabaida izan eta ordu batzuetara, auzipetuak labankada bat eman zion eta hainbat zauri eragin zizkion harekin zihoan emakumeari. Azken hori Mendaroko Ospitalera eraman zuten, zaurituta. Akusatua, berriz, atxilotu eta Martuteneko kartzelan sartu zuten.

Fiskaltzak 24 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, hilketa eta lesioak eragitea egotzita. Akusazio partikular gisa aurkeztu den hildakoaren familiak ere bat egin du fiskalaren eskariarekin. Zauritutako emakumearen abokatuak, ordea, uste du berak ordezkatutakoari egindako erasoa hilketa saiakera bat izan zela.

Ahozko saioan hainbat kontu argitu beharko dituzte: labankadak nola egindakoak izan ziren (akusazioaren arabera, bizkarretik), auzipetuak prestakuntza militarra zuen ala ez eta biktimak bere burua defendatzeko aukera izan ote zuen. Halaber, argitu beharko da inplikatutako pertsonen arteko topaketa "kasualitatea" izan ote zen, defentsak uste duen bezala, edo aitzitik auzipetuak Elgoibarko kaleetan zehar biktimei jarraitu zien ustekabean eraso egin aurretik, akusazioak dioen bezala.

Iragan ostiralean akusatuak 5.000 euroko ordainketa egin zuen epaitegiaren kontuan, eta orain epaimahaiak erabaki beharko du ea posible den egindako kaltea konpontzeko aringarri bat aplikatzea. Aldeek 400.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatzen diote akusatuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Elgoibar argazkiak Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Giza hilketak