Gizartea -

KORONABIRUSA

Ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera uztea proposatu du orain Ministerioak

Auzitegi Nazionalak Madrilgo murrizketak behin-behinean eten ostean etorri da irizpide aldaketa, "prozesua judizializatzea saihesteko".

Ostalaritzako lokal bat Nafarroan (artxiboko irudia). Argazkia: EFE
Ostalaritzako lokal bat Nafarroan (artxiboko irudia)
Ostalaritzako lokal bat Nafarroan (artxiboko irudia). Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak atzera egin du. Joan den astean, ostalaritza eta gaueko aisialdia arautzeko Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak onartutako dokumentuaren bertsio berri bat prestatu du, eta arrisku ertaina (2. alerta maila) duten erkidegoetan ere muga horiek kentzea proposatu, pandemiaren bilakaeraren arabera are gehiago molda daitezkeela nabarmenduta.

Carolina Dariasek zuzentzen duen Ministerioak egindako zirriborroaren arabera, ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera geratuko lirateke. Espainiako Aldizkari Ofizialak larunbatean argitaratutakoak jasotzen zuenez, 1. alertan mailan zeuden erkidegoetako jatetxe eta tabernek 01:00a arte egon litezke zabalik, baina 24:00ak jotakoan ezingo dute zerbitzatu. Horrez gain, dantzalekuek 02:00ak arte egon daitezke zabalik (03:00ak arte arrisku maila txikia duten erkidegoetan), edukiera muga zehatzekin. Bigarren zirriborro horretan, berriz, 2. mailan dauden erkidegoei ere eragingo die neurriak arintzeak.

Espainiako Estatuan, bi erkidego daude 3. alerta mailan: Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE).

Zirriborro horrek jasotzen duenez, "gaueko aisialdiko establezimenduak zabaldu ahalko dira lokalok 1. eta 2. alerta mailan dauden erkidegoetan".

Dena dela, dokumentu horren azken ahapaldian honakoa erantsi dute: "Adostutako neurri horiek berraztertu eta malgutu ahalko dira pandemiaren bilakaeraren arabera".

Joan den asteko Lurraldearteko Kontseiluan erabakia ez zuten aho batez hartu. Madrilek, Andaluziak, Kataluniak, Murtziak eta Galiziak murrizketen kontra bozkatu zuten, eta Gaztela eta Leon abstenitu egin zen. Jaurlaritzak ez zuen bileran parte hartu ere egin, erabakiek "eskuduntzak urratzen" zituztela iritzita.

Atzo murrizketa horiek bertan behera utzi zituen Auzitegi Nazionalak Madrilen, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak aurkeztutako helegite bat aintzat hartuta. Horren ondotik, Fernando Simon Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak nabarmendu zuenez, desadostasunak judizializatu barik kontsentsua lortzea da lehentasuna: "Ministerioak adostasuna lortu nahi du eta prozesua judizializatzea saihestu; pena litzateke agintari judizialen esku uztea ez dugulako alternatiba nahikorik aurkitu".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua Gaixotasunak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Zientzia albisteak Osasunari buruzko albisteak Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizainak azken ordukoa Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Lehen Arretako zentroak Osasunbidea gaur