Gizartea -
EKINTZA SINDIKALA
Migranteen errealitatea salatu du LABek Irundik Hendaiara egindako manifestazioan
Homofobiaren aurka zein ekologismoaren, pentsio duinen eta etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria ere egin du sindikatu abertzaleak Atarrabian zein Basaurin egindako beste bi topaketatan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
LABen Ekintza Sozialeko Komunitateak hainbat topaketa eta ekintza egin ditu gaur Euskal Herrian, migrazioaren, ekologiaren eta homofobiaren inguruan dauden arazoak plazaratzeko, besteak beste.
Ekintza nagusia Irun eta Hendaia lotu dituen mobilizazioa izan da, "Mugak apurtu, zubiak eraiki" leloarekin. "Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubia zeharkatu dugu, egunero muga hau baldintzarik okerrenetan igarotzen duten langile migranteen errealitatea salatzeko. Muga arriskutsua bada, aplikatzen zaion salbuespen polizial eta politikoagatik dela erakutsi dugu eta hainbat migratzailek muga modu duin eta seguruan zeharkatzea ahalbidetu dugu mobilizazioaren bidez. Garaia da bizitzari mugak ireki eta kapital anker eta esplotatzaileari ezartzeko" adierazi du sindikatu abertzaleak komunikabideetara bidalikoa ohar batean.
Atarrabian, supermerkatu handi batean trantsizio ekosozialistaren aldeko aldarrikapena egin dute eta Basaurin, hainbat errealitate salatu dituzte manifestazio batean: "aste honetan bertan izandako eraso homofoboa, pentsiodunekin batera banketxeetako arreta eredua, herriko anbulategiko errealitatea eta gazte mugienduarekin batera etxebizitzaren espekulazioa".
Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, "sindikalgintza soziopolitikoa eraberritu eta eraginkortzeko apustua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Gure afiliazio guztiari espazio organizatibo berria eskaini eta gure gihar militantea indartzeko bokazioarekin jaio da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Lantokietatik herrira, gure bulkada eraldatzailea hedatzeko helburuari heldu diogu. Herrialdeka antolatu ditugu lau topaketa. Eta gaur, lehen oinarria jarri dugu, komunitatearen izaeraz, egitekoez eta antolaketa formaz elkarrekin gogoetatzeko tartea hartuz. Oso emankorra izan den ariketa egin dugu, datorren ikasturtean martxan jartzeko oinarri sendoak ezarriz".