Gizartea -
Eguraldia
Ekaitzak uholdeak eta errepide mozketak eragin ditu Gasteizen eta Iruñean
Gasteizen ura garajeetan eta lokaletan sartu da. Suhiltzaileek hainbat irteera egin dituzte Iruñean. Eta Arrasaten 31 litro pilatu dituzte metro koadroko ordubetean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ekaitzak uholdeak eta beste hainbat arazo eragin ditu Euskal Herriko puntu ezberdinetan. Alerta laranja ezarri dute ostegun honetan prezipitazio ugariak eta gogorrak espero direlako.
Gasteizen, adibidez, uholdeak izan dira. Ura garaje eta lokal batzuetan sartu da, eta gutxienez hiru kale itxi egin behar izan dituzte.
Euri-jasa 16:00ak inguruan izan da. Euskalmetek emandako datuen arabera, Abetxukon 21 litro pilatu dituzte metro koadroko ordu erdian, eta ia 26 litro ordubetean.
Estolda-zuloek gainezka egin dute eta uholdeak izan dira hainbat kaletan, tartean Jose Mardones kalean. Halaber, San Antonio kaleko zubipeko pasabidea itxi egin behar izan dute, baita Santiago etorbidea eta Jacinto Benavente kalea ere.
Suhiltzaileen hiru talde aritu dira lanean ekaitzak eragindako arazoak konpontzeko.
Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste toki batzuetan ere gogo jo du ekaitzak, Euskalmetek jakinarazi duenez.
Hala, Arrasaten 30 litro pilatu dira metro koadroko ordubetean, eta 26,8 litro Urkiolan.
Nafarroan, zaparrada bortitzak eguerdian hasi dira eta ur-putzuak sortu dira errepideetan, Foru Gobernuak eta Iruñeko Udalak azaldu dutenez.
Iruñean hamar bat intzidentzia izan dira estolda-zuloek gainezka egin dutelako, besteak beste, Zaragoza etorbidean, Landabengo industria-gunean eta Arrotxapean. Suhiltzaileek hainbat irteera egin behar izan dituzte.
Auzo horretan, adibidez, uholdeak auto bat aurretik eraman du. Alabaina, zirkulazioan arazorik izan ez dela zehaztu dute.
Halaber, Iruñeko denda batean ura sartu da eta suhiltzaileak bertaratu behar izan dira.
Horrez gain, Cintruenigon ur-putzuak sortu dira errepidean eta Azkoienen argindar zutoin behera erori da.