Gizartea -

ERREFUXIATUEN MUNDUKO EGUNA

Pertsona migratzaile edo/eta errefuxiatua: Kategorizazioa, nori interesatzen zaio?

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SOS Arrazakeria Bizkaia bezalako gobernuz kanpoko erakundeek eztabaida mahai gainean dagoela uste dute, erakunde barruan zein gizartean.

Ontzi bat, jendez lepo, itsasoan. Artxiboko argazkia: EFE
Ontzi bat, jendez lepo, itsasoan.
Ontzi bat, jendez lepo, itsasoan. Artxiboko argazkia: EFE

Eriz Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsonen joan-etorriak ugari dira egun, eta horregatik pertsona migratzaile eta errefuxiatu hitzak ohikoak bihurtu dira albisteetan. Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (UNHCR) biak bereizten ditu, baina gobernuz kanpoko erakundeek ez dute marra hori hain argi ikusten.

UNHCRren arabera, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuaren Hitzarmenak zehazten du pertsona errefuxiatuaren definizioa: "gatazka armatu, jazarpen edo babes faltagatik bere jaioterritik ihes egiten duen pertsona".

Migratzaile kontzeptuak, aldiz, "arrazoi ekonomikoengatik edo familia berriro elkartzeko jaioterria uztea erabakitzen duen pertsonari" egiten dio erreferentzia.

Desberdintasun nagusi bezala zera finkatzen du: "errefuxiatuek behartuta ihes egiten dute aberritik, indarkeria handiko egoera batek behartuta, Siriako errefuxiatuak adibidez", eta "migratzaileek borondatez uzten dute jaioterria, nahiz eta muturreko egoeran ere aurkitu daitezkeen".

UNHCRren esanetan, "errefuxiatuek asiloa eskatzeko prozeduretara jo dezakete, eta estatu hartzaileen babesa jaso behar dute"; migratzaileei, ostera, "herrialde bakoitzaren immigrazio legeak aplikatzen zaizkie".

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SOS Arrazakeria Bizkaia bezalako gobernuz kanpoko erakundeek, aldiz, eztabaida mahai gainean dagoela uste dute, erakunde barruan zein gizartean. Horrela, Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak eitb.eus-i azpimarratu dionez, "turistak daude, eta gero nahitaez pasadizoan dauden pertsonak".

"Europak eta Mendebaldeak pertsonak sailkatzen dituzte"

Bigarren sailkapen horretan pertsona migratzaile eta/edo errefuxiatuak egongo lirateke. Altunaren hitzetan, "Europak eta Mendebaldeak pertsonak sailkatzen dituzte, gero hori oinarri hartuta eskubide batzuk banatzeko".

Bidaia "oso arriskutsuen" ondoren, pertsona horiek guztiak "bizimodu hobe baten bila" Europara edo Mendebaldera heltzen direla gogorarazi du Altunak, "beldurrez eta zer egin jakin gabe".

Pertsona batek asiloa eskatzen duenean, "une horretan errefuxiatu bat da, baina, kasu gehienetan gertatzen den bezala, ukatzen diotenean migratzaile izatera pasatzen da", salatu du. "Estatus aldaketak eskubideak automatikoki aldatzea ekartzen du", erantsi duenez.

Horregatik, "migratzaile, ekonomiko, klimatiko, errefuxiatu, nahitaez pasadizoan dauden pertsonak dira; eskubide guztiak denontzat, edonon", errepikatu du. Era berean, "jaioterrian geratzeko eskubidea", aldarrikatu du; izan ere, "egun pertsona horiek ez dute eskubide hori, aberria uzteko erabaki zaila hartzera beharturik baitaude".

Bestalde, asiloa onartzeko ala ukatzeko unean estatu ezberdinen arteko harreman diplomatikoak eta politikoak jokoan sartzen direla kritikatu du Altunak. Venezuelako eta Kolonbiako eskatzaileen adibidea mahai gainean jarri du. "Aurrenekoak onartzen dituzte, bigarrenak ez, zergatik? Zein da arrazoia?", galdetu du.

"Nork jartzen du etiketa?"

Alba Garcia SOS Arrazakeria Bizkaiko kideak eztabaida terminologikoa onartu du, gizartean zein erakundearen barnean. "Nork jartzen du etiketa?", galdetu du. Horregatik, erakundeak zuzenean interpelatu ditu; izan ere, pertsona errefuxiatu edo/eta migratzaileak nortzuk diren eurak erabakitzen dute.

"Mahai gainean dagoen eztabaida da", nabarmendu du. Pertsona migratzailea eta/ala errefuxiatua izatea erabaki burokratiko batek zehazten duela aditzera eman du SOS Arrazakeria Bizkaiak.

Azkenik, erabakiak eta baldintzak denborarekin aldatzen direla kritikatu du Albak. "Nolabait nazioarteko testuinguru politikoaren menpe dago; asiloa eman ala ez emateko erabakia makroekonomiak edo makropolitikak baldintzatuko du", azpimarratu du. Horregatik, erakundeak interpelatu ditu, azken erabakia eurak dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Migrazioa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Frantzia Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea