Itxi

Gizartea

ASTRONOMIA

2021eko 'marrubi-superilargia': Noiz ikusi ahalko da eta zergatik du izen hori?

O. P. | EITB MEDIA

Ilargi beteak eta satelitea Lurretik punturik gertuenean egoteak bat egingo dute ostegunean, ekainak 24an. Ilargia ez da kolorez aldatuko, baina handiago eta distiratsuago ikusiko da.

  • Ilargi betea. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta

    Ilargi betea. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta

Datorren ostegunean, ekainak 24, marrubi-superilargia ikusi ahalko da. Egun horretan, ilargi betea izango da, eta astroa perigeoan egongo da, Lurraren inguruan duen orbitaren punturik hurbilenean. Hori dela eta, satelitea ohi baino % 10 handiago eta distiratsuago ikusiko da Lurretik. Izenak kontrakorik iradoki dezakeen arren, Ilargiak ez du kolorez aldatuko.

Eguzkia sartzearekin batera, 20:40tik aurrera, garbiago ikusi ahal izatea espero da; izan ere, ilargi betea izaten denean, ilunabarrarekin batera altxatzen da satelitea gure ostertzean.

Udako lehen ilargi betea, gainera, 2021eko azken superilargia izango da. 2021ean izango diren gainerako ilargi beteak ez dira izango satelitea perigeotik gertu dagoenean, eta, beraz, ez dira superilargiak izango.

Zergatik du marrubi-ilargi izena?

Ekaineko ilargi hau "marrubi-ilargia" izenarekin ezagutzen den arren (aurten superilargia izango dena), ez du bere kolorearekin zerikusirik, ilargiari ez zaio kolorea aldatuko. Izen hori fenomeno astronomikoei nekazaritza jarduerekin lotutako izenak ematen zizkieten antzinako kulturetatik dator. Kasu honetan, "marrubi-ilargia" izena Ameriketako jatorrizko tribuei zor diegu, ilargi bete hau basa-marrubia biltzeko garaiarekin lotzen baitzuten.

"Loreen ilargia" izenarekin ere ezagutzen da, udaberriko landare ohikoenak garai horretarako loratzen direlako.

Fenomeno ikusgarria izateaz gain, superilargiak ez du inolako eragin berezirik Lurrean. Grabitazio-efektua ohikoa baino apur bat handiagoa da, baina ez guk nabaritzeko adinakoa. Superilargia, beste edozeren gainetik, ilargia behatzeko aukera paregabea da, eguraldiak laguntzen badu behintzat.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena