Gizartea -

Agerraldia

Gutxienez bost ikasle gipuzkoar isolatu dituzte Mallorcan, lauk positibo eman ostean

Reggaetoi kontzertu batean eta itsasontzietan eta hoteletan egindako festa batzuetan atzeman dute agerraldiaren jatorria.

Ikasleak oporretan, Mallorcan. Irudia: EiTB Media
Ikasleak oporretan, Mallorcan. Irudia: EiTB Media
Beste bost erkidegori ere eragin die Mallorcako agerraldiak

1:13

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost ikasle gipuzkoar isolatu dituzte horietako lauk positibo eman ostean Mallorcan, baheketara deitu dituzten gazteen senideek jakinarazi dutenez. Izan ere, ikasbidaian parte hartzen ari ziren ikasleak dira bakartu dituztenak.

Atzora arte, 49 ziren Mallorcara ikasbidaia egin zuten 300 bat ikasle gipuzkoarren artean atzemandako positiboak.

Osakidetza baheketa masiboa egiten ari da listu laginekin, eta oraindik aztertzen jarraitzen dute, ikasleak pixkanaka iristen ari direlako Loiuko aireportura.

Gurasoak Donostiako Bengoetxea kaleko Osakidetzaren zentroan bertaratu dira gaur goizean gazteen listu laginekin, ikasleak bakartuta baitaude emaitza jakin arte.

Reggaetoi kontzertu bat eta zenbait festa

Palmako zezen plazan egindako reggaetoi kontzertu bat eta itsasontzietan eta hoteletan egindako festa batzuetan atzeman dute agerraldiaren jatorria. Erkidego ezberdinetako 500 pertsona baino gehiagori eragiten die dagoeneko. Playa de Palman eta Llucmajorren (Mallorca) egon ziren ikasbidaian.

EAE, Madril, Valentzia, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Galizia eta Aragoin baieztatu dituzte positiboak. Lugon, gainera, ikasleek zenbait senide kutsatu dituzte jadanik.

Agerraldian foku ezberdinak antzeman dituela zehaztu du Balear Uharteetako Gobernuak. Reggaetoi kontzertua ekainaren 15ean itxi zuten, eta antolatzaileei espedientea zabaldu zieten. Baliteke 60.000-600.000 euro arteko isunari aurre egin behar izatea.

Llucmajorreko El Arenal kostaldean egindako festak agerraldiaren beste foku bat izan daitezke. Gutxienez bederatzi hotel aztertu dituzte orain arte, eta bertako langileei probak egiten hasi dira, balizko kutsadura kateak kontrolatzeko.

Erkidego astinduena Madril da; izan ere, 320 positibo baieztatu dituzte, eta bertako 2000 ikasle koarentenan daude. Sintoma arinak dituzte guztiek, eta orain arte egindako probetan Erresuma Batuko aldarera baieztatu dute.

Valentzian, 67 kutsatu zenbatu dituzte oraingoz, guztiak sintoma arinekin. Murtzian, beste 20 gazte kutsatu dira, eta 164 harreman estu kontrolatzen ari dira.

Galizian, gutxienez 50 positibo baieztatu dituzte, eta bertako Gobernua Mallorcan izan diren gazteen artean baheketa egiten ari da. Kasu gehienak Pontevedran zenbatu dituzte, baina Lugo, Ourense eta Vigon ere kutsatuak izan dira.

Azkenik, Katalunian 24 positibo baieztatu dituzte, baina printzipioz ez dute zerikusirik Mallorcako agerraldiarekin; izan ere, Bartzelonako zenbait institutuk Menorcara egindako ikasbidaiarekin lotura dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Bidaiak Koronabirusa