Gizartea -
ingurumena
Nafarroak erabilera bakarreko plastikoak saltzea debekatuko du larunbatetik aurrera
Gobernuak 'Agur Plastico Adiós' kanpaina aurkeztu du, saltzeari utziko dioten produktuen eta merkatuan dauden ordezko jasangarrien berri emateko herritarrei.
O.p. | eitb media
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kanpaina bat jarri du abian, erabilera bakarreko plastikozko produktuak, plastiko oxodegradagarriz fabrikatutako produktuak eta dosi-bakarrekoak eta/edo birziklagarriak ez diren materialen kapsulak saltzeko debeku berriei buruzko informazioa emateko. Hondakinei buruzko Foru Legea eta haren Fiskalitatearen inguruko araudia betez, larunbat honetan sartuko dira indarrean neurri berriak.
Zehazki, mahai-tresnak eta platerak, lastotxoak, bastoiak, edari-irabiagailuak, puxika-makilatxoak, poliestireno hedatuzko janari/edarietarako ontziak eta dosi bakarrekoak eta birziklagarriak ez diren kapsulak dira debekatuko diren produktuak; erabilera bakarreko plastikozko produktuak dira, eta, oro har, itsasoak kutsatzen dituzten hondakin guztien % 43 osatzen dute.
Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, "neurri honen helburua hondakinen prebentzioa sustatzea eta merkatuan oso hedatuta dauden eta ingurumenean eta giza osasunean arazo larriak sortzen dituzten produktuen kontsumoa saihestea da".
Gomezek gaineratu duenez, "neurri berri horiek hartzea da hondakinen arazo handiari eta, zehazki, hondakin plastikoen arazoari eman diezaiokegun erantzunik onena". Era berean, herritarrak animatu ditu "ohiturak aldatzera, erabilera bakarreko plastikoei agur esatera eta bestelako aukera berrerabilgarriekin eta/edo jasangarriekin ordezkatzera".
Sailburuak gogora ekarri du, halaber, Nafarroa aitzindari izan zela Estatuan Hondakinen eta horien Fiskalitatearen 14/2018 Foru Lege berritzailea onartuta. Lege horren eraginez, esaterako, erabilera bakarreko plastikozko poltsak debekatu ziren. "Legeak 2021ean ekonomia zirkular batera eta ingurumen eta osasun arloan kaltegarriak diren produktu horiek guztiak debekatzera bultzatzen jarraitzen gaitu", azpimarratu du.
Agur plastikoa adios kanpaina euskarri desberdinetan ikusi ahal izango da, eta horietan QR kode bat ikus daiteke, Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren web-orrira eramaten du kode horrek. Bertan, arau berriei buruzko informazio tekniko eta zehatz gehiago ematen da.
Halaber, kanpainarako berariaz sortutako azalpen-bideo bat ere ikus daiteke webgunean, merkatuan jada saldu eta erosi ezingo diren objektuen irudiak eta horien ordezko iraunkorrenak ikus daitezke, baita beste informazio-eduki batzuk ere.
Mezua honako lelo hauetan laburbiltzen da: Kanpora, inork ez zaitu festa honetara gonbidatu. Zoaz eta ez itzuli. Hau ez da laster arte bat, inoiz arte bat baizik! eta Agur Plastikoa, ez zaitugu faltan botako!
Kanpaina prentsan, irratian, hedabide digitaletan eta sare sozialetan zabalduko da. Halaber, espazio publikoetan, elkarteetan edo igerilekuetan, besteak beste, kartelak jarriko dituzte. Bertizko Jaurerrian, Allozko Urtegian, Erriberriko Udaletxean, Iruñeko Ziudadelan eta Pulguerreko urmaelean tamaina handiko olana jarriko dituzte.