Gizartea -

euskara

Erasoak jasan dituzte hainbat lagunek Donibane Lohitzunen euskaraz aritzeagatik

Joan den asteburuan hainbat eraso euskarofobo izan dira; gainera, auto-gidari batek bi pertsona harrapatu ditu, jendez inguratuta, aurrera egin ezin zuela ikusita.

Donibane Lohitzune. Argazkia: Harrieta171
Donibane Lohitzune
Donibane Lohitzune. Argazkia: Harrieta171

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskara hitz egiteagatik erasotuak izan dira hainbat lagun, pasa den asteburuan, Donibane Lohitzunen. Festa egitaraurik antolatu ez bazen ere, festa giroa nagusi zen kaleetan, jende-pilaketak nonahi. Halere, festa giro hori ozpindu zuten gertakari ugari izan ziren, alkoholaren eta bortizkeriaren eraginez.

Batetik, gizon batek bi emakume harrapatu zituen autoarekin, jendez beteta zegoen kale batean aurrera egin ezinik gelditu zela ikusirik, azeleragailuari sakatu eta ihesari eman zion, biak zaurituta utziz. Handik gutxira Polizia-etxean aurkeztu zuen bere burua eta atxilotua izan zuten gizonezkoa.

Ez zen, ordea, gertakari latz bakarra izan. Euskaraz hitz egiteagatik erasoak jasan zituzten hainbat lagunek. Gizon batek, esaterako, ospitalean pasa behar izan zuen gaua euskara mintzatzeagatik jasotako jipoiaren ondorioz. Lagunekin afaltzen egon ostean, etxera zihoala, lagun batekin euskaraz ari zela-eta, oihuka hasi zitzaizkion beste hiru lagun, "zer dialekto da hori? Frantzian gaude!". Gizonezkoak euskaraz erantzun zienean, jipoitu egin zuten eta orkatila hautsirik utzita, alde egin zuten erasotzaileek.

Ordu bertsuan, elkarrekin euskaraz ari ziren beste emakume talde batek ere "Frantzian gaude!" gisako komentarioak entzun behar izan zituen euskarafobo batzuen partetik.

Ez ziren euskararen bueltan geratutako eraso bakarrak izan. Kaia Ostatua kudeatzen duen Jon Garmendiak ere, oihu eta irainak entzun behar izan zituen "euskaldun putak" eta beste, taberna ixteko garaian Mikel Laboaren doinuak ipini zituenean.

Peio Etcheverry Donibane Lohitzuneko kultur, ondare eta euskararen axuantak (zinegotzia) erasoak gaitzetsi ditu eta ahal den neurrian halako "ekintza onartezinak" saihesteko zaintza gehiago eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Lapurdiko azken ordua