Gizartea -
Osasuna
Tolosaldeko ospitale berria erabat publikoa izatea eskatu dute ELAk eta LABek
Halaber, Asuncion Klinikako langileak "subrogatzea" eskatu dute. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den plan funtzionalari buruzko informaziorik ez dutela jaso salatu dute.
Agentziak | EITB Media
Tolosaldeko ospitale berria "% 100 publikoa izatea" eta Asuncion Klinikako langileak "subrogatzea" eskatu dute ostiral honetan ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, klinika hori, Osakidetzak azpikontratatutako zentro pribatua da.
Ohar batean, Tolosaldeko ospitale berria eraikitzeko Eusko Jaurlaritza lantzen ari den plan funtzionalari buruzko informaziorik ez dutela jaso salatu dute ELAk eta LABek. Sindikatuek azaldu dutenez, dokumentu horrek ondorengo informazioa jasotzen du: "Ospitaleak eskainiko dituen zerbitzu guztiak publikoak izango diren, edo Asuncion Klinika pribatuko langileak subrogatuko dituzten, eta ospitale publikoko plantillan sartuko diren, besteak beste".
Testuinguru horretan, ELAk eta LABek hala izatea eskatu dute, eta Tolosaldeko osasun arretaren "egoera eskasa" osasun publikoaren "kudeaketa pribatuaren ondorioa" dela azpimarratu dute. Ildo horretatik, kudeaketa pribatua "erabaki politiko baten ondorioa" izan dela gaineratu dute.
Sindikatuek adierazi dutenez, azken hamarkadetan Asuncion Klinikako langileak izan dira osasun arreta "zailtasun askorekin" mantendu dutenak, "profesionaltasunez eta arduraz lan eginez".