Gizartea -
Murchanteko krimena
Murchanteko ustezko hiltzaileak Ertzaintzaren esku segitzen du
Atxiloketaren unetik hasita, Ertzaintzak 72 orduko epea dauka susmagarria Foruzaingoaren esku uzteko edo epaitegira eramateko. Bestalde, Maria Pilar Berrioren hileta eguerdian egin dute Monteagudon, bere familiaren herrian.
EITB Media | Agentziak
Maria Pilar Berrioren ustezko hiltzaileak Ertzaintzaren esku jarraitzen du eta badirudi ez dutela berehala eramango epailearen aurrera.
Murchanteko hilketaren susmagarria biktimaren koinatu ohia da eta aurrekari penalak ditu. Atzo atxilotu zuten Donostian, ihesean 30 ordutik gora egon ostean. Gros auzoko ile-apaindegi batean atzeman zuten, itxuraz aldatu nahi zuenean.
Ihesaldian ibilgailu bat lapurtu zuen Donostiako tailer batean, Ertzaintzaren bereizgarririk gabeko auto bat, hain justu ere. Ertzaintzak izapideak ireki ditu bere kontra lapurreta horregatik eta Euskal Autonomia Erkidegoan beste deliturik egin ote duen ikertzen ari da.
Atxiloketaren unetik hasita, Ertzaintzak 72 orduko epea dauka susmagarria Foruzaingoaren esku uzteko –Foruzaingoaren ardura da Murchanteko hilketa argitzea- edo epaitegira eramateko. Kasu horretan, epaileak bi aukera izango lituzke: atxilotua Tuterako epaitegiaren esku uztea –berari baitagokio hilketa ikertzea- edo espetxean sartzeko agindua ematea.
Foruzaingoak ikerketarekin segitzen du
Bien bitartean, Foruzaingoko Polizia Zientifikoa lanean ari da atxilotua Murchanten egon zela frogatzen duten aztarnak eta frogak biltzeko, eta, horretarako, biktimaren eta susmagarriaren autoak dituzte, baita kamerek grabatutako irudiak ere.
Kasu honetan, hildako emakumearen semeek, 9 eta 5 urte dituztenak, gertaeren bertsioa eman dezakete. Izan ere, autoan zeuden amarekin, erasotzaileak labankadaz hil zuenean.
Era berean, biktimaren hilotzari egindako autopsiaren emaitzen zain daude.
Bestalde, Maria Pilar Berrioren hileta eguerdian egin dute Monteagudon, bere familiaren herrian, eta udalerri horretan hobiratu dute.
Monteagudoko Udalak eta Retama Emakumeen Elkarteak hilketa gaitzetsi dute eta bilkura isila deitu dute 20:00etarako udaletxearen parean.