Publizitatea
Itxi

2021/07/08

19:50

Gizartea

Hilketa Murchanten

Murchanteko ustezko hiltzailea atxilotu dute Donostian

EITB MEDIA

Ustezko hiltzailea biktimaren koinatu ohia da; biek harreman sentimentala izan zuten. Asteazken goizetik ibili dira haren bila. Ihesaldian Ertzaintzaren ikurrik gabeko auto bat lapurtu du eta ile-apaindegi batean izan da itxura aldatzeko asmoz.

2:24
Atxiloketa Donostian. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maria Pilar Berrio asteazken goizean hil zuten Murchanten eta harrezkero ustezko hiltzailea ihesean ibili da, arratsalde honetan Donostian atxilotu duten arte. Susmagarria biktimaren koinatu ohia da, eta harreman sentimentala izan zuen berarekin.

Gizonaren ibilgailua gaur goizean topatu dute Legazpiko aparkaleku batean. Ikertzaileek uste dute Murchantetik Legazpira joan zela eta han abandonatu zuela bere autoa.

Gaua Donostiako ostatu batean igaro du eta goizean ibilgailu bat lapurtu du tailer batean, bereizgarririk gabeko Ertzaintzaren auto bat, hain justu ere.

Arratsaldean Gros auzoko ile-apaindegi batera joan da, itxura aldatzeko asmoz, bere irudia publiko egin baita, eta han atxilotu du Ertzaintzak. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, zerbitzutik kanpo zegoen agente batek identifikatu zuen ile-aipaindegira joan baino lehen, taberna batean. Hark abisu eman eta horri esker hartu zuten atxilo.

Emakumeak 43 urte zituen eta gasteiztarra zen, baina 2017tik Murchanten bizi zen 5 eta 9 urteko seme-alabekin. Ustezko hiltzailea biktimaren koinatu ohia da. Aurrekari penalak ditu (indarkeria matxistagatik, besteak beste) eta Poliziak "oso arriskutsua" dela ohartarazi du. Murchanteko bizilagunen arabera, emakumeak bere etxean hartu zuen gizona espetxetik atera zenean, duela hilabete inguru.

Gainera, biktimaren gertukoek El Correo egunkariari esan diotenez, biek "harreman sentimentala" izan zuten. Hori horrela, eta betiere egunkariaren arabera, litekeena da genero indarkeriagatik auzipetzea (genero indarkeria izateko bikotekidea edo bikotekide ohia izan behar du biktimak, legearen arabera).

Hilketa goizeko 10:30 inguruan burutu zen, NA-6840 errepidean. Gizonak bere autoarekin emakumerena jo zuen, bidetik aterarazi arte. Ibilgailu barruan hil zuen, labankadaz, seme-alabak bertan zirela. Eta ondoren ihesean joan zen.

Foruzaingoak erasotzailea atxilotzeko operazio zabala jarri zuen martxan Nafarroan, eta Ertzaintzak beste dispositibo bat abiatu zuen Gipuzkoan; izan ere, ustezko hiltzailearen senideak Zumarragan bizi dira eta hara joan zela pentsatu zuten.

Azkenean, gaur arratsaldean, 19:30 aldera, atxilotu dute Donostian. 30 ordutik gora izan da ihesean.

Gasteizek hilketa gaitzetsi du

Hainbat pertsona bildu dira gaur eguerdian Gasteizen Murchanten izandako hilketa gaitzesteko eta biktimaren familiari babesa erakusteko.

Elkarretaratzea Udaletxe aurreko Plaza Berria enparantzan izan da, eta hainbat erakundetako ordezkariak izan dira bertan. Parte hartu dute, esaterako Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak. Hainbat zinegotzi eta alderdi guztietako foru diputatuak ere bat egin dute.

Bost minutu inguru luzatu da elkarretaratzea "Gasteiz eraso matxisten aurka" lemapean, eta bertaratu diren politikari eta herritarren txaloekin amaitu da.

Gorka Urtaran alkateak, halaber, "biktimaren familiartekoei elkartasuna eta babesa" erakutsi die, baina "bereziki biktimaren seme-alabei, egoera gogor bat gainditzea egokitu baitzaie".

"Espero dezagun hiltzailea lehenbailehen atxilotzea eta inoiz atera behar ez zuen espetxera itzultzea", esan du alkateak, hiltzailearen aurrekari penalei erreferentzia eginez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;