Gizartea -
Eguraldia
Giro grisa eta euria, protagonistak ostegunera arte
Uda betean bagaude ere, aste honetako eguraldiak udazkeneko giroa ekarriko digu gogora: zeru grisak, euri zaparradak eta tenperatura freskoak izango dira nagusi datozen egunetan.
EITB MEDIA
Zerura begirada bat botatzea nahikoa izango da datozen egun hauetan benetan uztailean ote gauden galdegiteko. Zeru estaliak, euria eta uda garairako tenperatura freskoak izango dira protagonistak datorren astean Euskal Herri guztian, Euskalmeten aurreikuspenen arabera.
Uda beteko asteburu baten ondoren, tenperaturek nabarmen egin dute behera astelehen honetan, eta udazkeneko eguraldia gogoraziko dute: ipar-mendebaldeko haizea gogor ibiliko da, eta termometroek ez dituzte 20ºC gaindituko lurralde guztian. Zeruak estalita izango ditugu egunaren zati handienean, eta euria izango da nagusi, batez ere iparraldean.
Asteartean eguraldiak bide beretik jarraituko du. Ez da aurreikusten tenperatura aldaketa handirik izango denik, ipar-mendebaldeko haizeak indartsu jarraituko baitu, bereziki kostaldean eta Ebroko Haranaren inguruan. Lurraldearen iparraldean zeru grisekin jarraituko du, zaparradaren bat bota dezake. Hegoaldean ostarteren bat agertuko bada ere, oro har hodeitsu egotea espero da, eta goizeko orduetan euri apur bat egin dezake.
Astearen erdialdera oraindik ere uda garairako hotz samarrak diren tenperaturekin jarraituko du, termometroek ozta-ozta gaindituko dituzte 20ºC. Kostaldean berriro ere euria egitea espero da, ekialdean bereziki, nahiz eta arratsalde alderako ostarteak irekitzea espero den. Zeruak estaliagoak egotea espero da goizean eta lurraldearen iparraldean; hegoaldean, ostera, arratsalde eguzkitsu batez gozatzeko aukera izango dela aurreikusten da.
Ostegun aldera eguraldiak atseden apur bat ematen hasiko da. Goiza oraindik ere makal eta ilun samarra izango da iparraldean, eta euri apurren bat egin dezake. Arratsalde aldera, ordea, ostarte handiak irekiko dira eta eguzkitsu egotea espero da, udako arratsalde betea. Nolanahi ere, haizeak gogor jarraituko du ipar-ekialdetik eta tenperaturak 20ºC inguruan geratuko dira. Lurraldearen hegoaldean, ostera, zeruak eguzkitsuagoak izango dira goizetik, eta termometroak 25ºC harrapatuko dituztela aurreikusten da.
Uda beteko asteburua
Asteburura begira udako giroa berreskuratuko dugula aurreikusten du Euskalmetek. Ostiral honetatik aurrera eguzkia nagusi izatea espero da asteburu guztian zehar, eta uda beteko asteburu batez gozatzeko aukera izango dugu. Beroa ere protagonista izango da asteburuan, kostaldean 28ºC ingurura iristea espero da, eta hegoaldean termometroek 32ºC harrapatuko dituzte.