Gizartea -

Delitua

49 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakume bat bahitzen saiatzea leporatuta

Biktimak, hau da, erasotzailearen arrebak, loturak askatu ahal izan zituen eta autotik salto egin zuen, oraindik martxan zegoela. Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman dute gaur goizean.

Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman dute. Argazkia: Ertzaintza
Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman dute. Argazkia: Ertzaintza
Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman dute. Argazkia: Ertzaintza

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu du ostegun honetan Bilbon, emakume bat bahitzen saiatzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ohar batean azaldu duenez, gizonak eskuak eta oinak lotu zizkion biktimari, eta haren autoan indarrez eramaten saiatu zen.

Gertakariak atzo (asteazkena) jazo ziren, Bilboko Indautxu auzoko garaje komunitario batean. Biktimak eraikineko sotoko solairu batean aparkatu zuen autoa, eta, 10:20 aldera, haren anaia hurbildu zitzaion, zain zegoen eta. Mehatxupean, oinak eta eskuak lotu zizkion, zinta batekin.

Jarraian, emakumea ibilgailuan sartu zuen. Erasotzaileak autoa gidatu zuen, eta, Perez Galdos kalera heldu zirenean, emakumeak loturak askatu ahal izan zituen. Une horretan, autotik salto egin zuen, oraindik martxan zegoela. Biktima tokian artatu zuten.

Gidariak, atzera egin zuen autoaren atzeko atea irekita zuela, eta bolardo baten aurka talka egin zuen. Gainera, inguruan aparkatutako auto batzuetan ere kalteak eragin zituen.

Erasotzaileak giltzak, telefono mugikorra eta dirua lapurtu zituen auto barrutik, eta biktimaren ibilgailuarekin ihes egin zuen Areilza Doktorearen kaleraino. Ertzaintzak zakarrontzi publiko batean aurkitu zuen dena, dirua izan ezik.

Ordudanik, Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa ustezko erasotzailearen bila aritu dira.

Ostegun goizean atxilotu dute gizona, ostatu hartu duen lekuan. Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman dute, beharrezko polizia-eginbideekin jarraitzeko, epailearen esku utzi aurretik.

Atxilotua, biktimaren anaia da, eta aurrekari polizialak ditu. Segurtasun Sailak azaldu duenez, urruntze agindua urratu du; izan ere, biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Delituak Bahiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak