Gizartea -
Bizkaia
Espetxean sartu dute Bilbon arreba indarrez eramaten saiatu zen 49 urteko gizona
Segurtasun Sailak azaldu duenez, gizonak urruntze agindua urratu zuen; izan ere, biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua zuen. Gizona, biktimaren anaia da, eta aurrekari polizialak ditu.
A. O. | EITB Media
Ostegun goizean Bilbon atxilotu zuten 49 urteko gizona Basauriko espetxean sartu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gizonak eskuak eta oinak lotu zizkion biktimari, eta haren autoan indarrez eramaten saiatu zen.
Gertakariak asteazkenean jazo ziren, Bilboko Indautxu auzoko garaje komunitario batean. Biktimak eraikineko sotoko solairu batean aparkatu zuen autoa, eta, 10:20 aldera, haren anaia hurbildu zitzaion, zain zegoen eta. Mehatxupean, oinak eta eskuak lotu zizkion, zinta batekin.
Jarraian, emakumea ibilgailuan sartu zuen. Erasotzaileak autoa gidatu zuen, eta, Perez Galdos kalera heldu zirenean, emakumeak loturak askatu ahal izan zituen. Une horretan, autotik salto egin zuen, oraindik martxan zegoela. Biktima tokian artatu zuten.
Gidariak, atzera egin zuen autoaren atzeko atea irekita zuela, eta bolardo baten aurka talka egin zuen. Gainera, inguruan aparkatutako auto batzuetan ere kalteak eragin zituen.
Erasotzaileak giltzak, telefono mugikorra eta dirua lapurtu zituen auto barrutik, eta biktimaren ibilgailuarekin ihes egin zuen Areilza Doktorearen kaleraino. Ertzaintzak zakarrontzi publiko batean aurkitu zuen dena, dirua izan ezik. Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa ustezko erasotzailearen bila aritu ziren.
Ostegun goizean atxilotu zuten gizona, ostatu hartu zuen lekuan. Atxilotua Bilboko ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko polizia-eginbideekin jarraitzeko, epailearen esku utzi aurretik. Epaileak, Basauriko espetxean sartzeko agindua eman du.
Atxilotua, biktimaren anaia da, eta aurrekari polizialak ditu. Segurtasun Sailak azaldu duenez, urruntze agindua urratu du; izan ere, biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua zuen.