Gizartea -
Istiluak
Borroka jendetsu batek lau atxilotu utzi ditu Donostiako Alde Zaharrean
Bestalde, ertzainak irain artean hartu dituzte, eta botilak bota dizkiete bi botilioi desegitera joan direnean, Santurtzin eta Lekeition (Bizkaia). Barakaldon eta Bilbon ohi baino botilioi gutxiago izan dira.
EiTB Media | Agentziak
Lau pertsona atxilotu dituzte igande honetan, Donostian, Ertzaintzari oldartu eta objektuak bota ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Istiluak 06:00ak aldera jazo dira Gipuzkoako hiriburuaren Alde Zaharrean. Ertzaintza bertaratu da, dirudienez, borroka jendetsu bat izan delako.
Ertzainak harrika hartu dituzte. Lau pertsona atxilotu dituzte, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako delitua egotzita.
Ertzaintzak 17 eta 25 urte arteko beste lau gazte atxilotu zituen atzo Donostian, taberna batean izandako borrokan parte hartzea egotzita. Gainera, bi pertsona zauritu ziren liskarrean.
Bestalde, ertzainak irain artean hartu dituzte, eta botilak bota dizkiete bi botilioi desegitera joan direnean, Santurtzin eta Lekeition (Bizkaia), Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Santurtzin liskarrak 03:00ak aldera jazo dira Itsasalden. Ertzainek botilioia desegiteko eskatu dute, eta une horretan objektuak jaurtitzen hasi dira.
Ordubete lehenago gauza bera gertatu da Lekeitioko portuan, baina istilu larririk izan ez dela zehaztu du Ertzaintzak.
Beste batzuetan baino botiloi gutxiago
Barakaldoko Udaltzaingoak 36 salaketa jarri ditu asteburu honetan botilioietan parte hartzeagatik, horietatik 28 larunbatetik iganderako gauean eta 8 ostiralean, Udalak jakitera eman duenez, baina, kopurua "beste batzuetan baino txikiagoa" da.
Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak herritarren "portaera ona" azpimarratu du, "osasun neurriak betetzen ari direlako". Gaineratu duenez, "beste udalerri batzuetan gertatzen ari denaren kontra, Barakaldon ez da botiloi jendetsurik egiten ari".
Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak 32 isun jarri ditu azken orduetan botilioia egiteagatik. Horrez gain, bederatzi isun ipini ditu musukoa gaizki erabiltzeagatik eta bi ostalaritza-establezimendu zigortu ditu edukiera muga gainditzeagatik, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.