Gizartea -
Istripua Nafarroan
Nafarroan istripua izan zuen gidaria espetxeratzeko agindua eman dute, arduragabekeriazko hilketagatik
Istripua NA-3042 errepideko 12. kilometroan gertatu zen, autoa bidetik atera, ezponda bat jo eta irauli zenean. 18 urteko neska bat hil zen istripuan, eta beste bi lagun ospitalera eraman behar izan zituzten. Gidariak ez zuen gidabaimenik.
Agentziak | EITB MEDIA
Tuterako (Nafarroa) guardiako epaileak behin-behineko espetxealdia, komunikatua eta fidantzarik gabea ezarri dio igandean, istripua izan zuen gidariari. 18 urteko neska bat hil zen istripuaren ondorioz, eta autoan zihoazen beste bi pertsona zaurituta Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman zituzten.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez, epaileak, Tuterako Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiko titularrak, hiru delitu egotzi dizkio gidariari: arduragabekeriazko hilketa, bide-segurtasunaren aurkako delitua gidabaimenik gabe gidatzeagatik eta alkohola eta drogak atzemateko probak egiteari uko egitea.
Istripua larunbatetik iganderako goizaldeko 05:30ean gertatu zen, NA-3042 errepideko 12. kilometroan, Ablitas eta Ribaforada artean. Antza denez, autoa bidetik irten, ezponda bat jo eta irauli egin zen.
Hildako emakumeaz gain, beste bi bidaiari zihoazen ibilgailuan, 19 eta 16 urteko Tuterako bizilagunak. Politraumatismoak eta beste zauri arin batzuk izan zituzten, eta Reina Sofia ospitalera eraman zituzten anbulantzian.
Epailearen arabera, atxilotuaren eta hainbat lekukoren adierazpenetik ondorioztatzen da Cascanteko bizilaguna den gidariak "alkohola kontsumitu" ondoren autoa hartu zuela hiru gazteak (bi emakume eta gizon bat) Tuterara eramateko.
Ebazpen judizialaren arabera, inputatua "bidetik atera zen ibilgailua zuzentzen saiatuz" eta ezin izan zuen istripua saihestu. Gainera, "kopilotuaren eserlekuan zihoana segurtasun-uhalik gabe" zihoala azaltzen da ebazpenean.
Gidariak uko egin zion alkohola atzemateko proba egiteari, "nahiz eta edari alkoholdunak kontsumitu izanaren zantzuak zituen, eta, gainera, ikertuak onartu egin zuen epailearen aurrean egindako deklarazioan".
Guardiako Epaitegian egindako agerraldian, Fiskaltzak behin-behineko espetxeratzea eskatu du, eta defentsako abokatuak eskaera horren aurka egin du, "ihes egiteko arriskurik ez" dagoela argudiatuta.