Publizitatea
Itxi

2021/07/21

00:23

Gizartea

Koronabirusa

12 eta 15 urte arteko gazteek gaurtik aurrera hartu ahalko dute txertoa jasotzeko hitzordua EAEn

EITB Media

29 urtez azpiko 146.094 pertsonak dute jada txertoa jartzeko hitzordua, baina oraindik ere 40.000 hutsune daude, gehienak oporrak direla-eta txertaketa atzeratu dutenenak edo koronabirusa dutenez oraindik txertatu ezin direnenak.

1:22
Haur askok txertatuta hasiko dute ikasturtea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 12 urtetik gorako biztanleek txertatzeko hitzordua hartu ahalko dute uztailaren 21etik aurrera, Osakidetzaren webgunearen bidez, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan.

12 eta 15 urte bitarteko 87.000 gaztek izango dute txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko aukera, sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez.

"Horrela, talde horren txertaketa prozesua ikasturtea hasi baino lehen hasiko da", erantsi du Sagarduik.

Gaur-gaurkoz, 29 urtez azpiko 146.094 pertsonak dute jada txertoa hartzeko hitzordua, baina oraindik ere 40.000 hutsune daude, gehienak oporrak direla-eta txertaketa atzeratu dutenenak edo koronabirusa dutenez oraindik txertatu ezin direnenak, Osasun sailburuaren arabera.

"Hitzordu hutsen kopurua gero eta handiago da, eguna joan eguna etorri. Gazteak kutsatzen ari dira gehien, eta kutsatu eta sei hilabete igaro arte ezingo dute txertoa jaso", azaldu du.

"Agertoki guztiz berria"

Osasun sailburuaren hitzetan, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuta seikoiztu egin da azken asteotan, eta ospitaleratutako pertsonen kopurua hazten ari da, "aurreko olatuen korrelazio bera ez badu ere". Azken olatu honetan ospitaleratutako pertsonen batez besteko adinak behera egin duela ere jakinarazi du, 52,49 urtekoa baita. 

Egun, 218 pertsona daude ospitaleratuta EAEn koronabirusaren ondorioz: 174, gela arruntetan, eta 44, ZIUetan.

"Agertoki guztiz berria da. Herritarrak jakitun dira. Maskaren erabilera murriztu egin da. Badirudi beldur sentsazioa galdu dela. Udak, oporrek, atseden hartzeko eta erlaxatzeko beharrak birusa hedatzen lagundu dute", adierazi du Sagarduik, eta "ezin dugu dena txertaketaren esku utzi", gaineratu du.

Txertaketa prozesua "aurrera" doala esan du sailburuak, eta gehitu du joan den astean milioi bat pertsona baino gehiago zeudela EAEn bigarren dosia hartuta. Gaur egun, "16 urtetik gorako Euskadiko biztanleen % 62k baino gehiagok amaitu dute txertaketa prozesua".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;