Gizartea -
Koronabirusa
Beste 1.314 positibo atzeman dituzte EAEn, eta 48 gaixo gehiago ospitaleratu dituzte
Bezperan baino 211 positibo gehiago erregistratu dituzte Euskadin. Positibotasuna apur bat jaitsi da, % 11n kokatuz, eta ZIUn 44 gaixo kritiko daude, aurreko egunean baino bi gehiago.
Iker Rincon Moreno | EITB MEDIA
Seigarren egunez jarraian, koronabirusak kutsatutako mila kasu baino gehiago atzeman zituzten atzo. Hain zuzen ere, beste 1.314 kutsatu erregistratu zituzten, aurreko egunean baino 211 gehiago. Gainera, 48 pertsona ospitaleratu dituzte, eta 44 gaixo kritiko daude ZIUn, bezperan baino bi gehiago.
Lurraldeka, Bizkaian 694 positibo berri izan dira, Gipuzkoan 440 eta Araban 139. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren 41 pertsonak positibo eman dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Atzo, 11.944 proba egin zituzten, eta positibotasun-tasa % 11ra jaitsi da, igandean baino ia puntu eta erdi gutxiagorekin.
100.000 biztanleko 14 egunean metatutako intzidentziari dagokionez, 585,99 kasutan dago, bezperan baino ia 40 gehiago. Oraingoan ere, Gipuzkoa da datu txarrenak batu dituen lurraldea; izan ere, haren intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du, 674,85era iritsita. Araban 453,65 dira eta Bizkaian, aldiz, 527,39.
Astelehenean, 218 pertsona ospitaleratuta zeuden, igandean baino 12 gehiago (beste 48 gaixo ospitaleratu dituzte). Horietatik guztietatik, 44 egoera kritikoan daude ZIUn, bezperan baino bi gehiago.
Hala ere, oinarrizko ugalketa-kopuruak, R0ak, kutsatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten duen parametroak, beheranzko joerari eusten dio, igoera luze baten ondoren. Hala, laugarren eguna da adierazle horrek behera egiten duela jarraian.
Igandean R0 1,30ean zegoen, eta atzo 1,29ra jaitsi zen. Jaitsiera hori hiru lurraldeetan gertatu da: Araban 1,30etik 1,26ra, Bizkaian 1,34tik 1,33ra eta Gipuzkoan 1,26tik 1,25era.