Gizartea -
Nafarroa
Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute Bardeako sutea menderatzeko
Astearte arratsaldean piztu ziren lehen garrak Vedado de Eguaras inguruan, balio ekologiko handiko gunean, eta atzo iluntzean itzali barik zuten; suak parke naturalaren % 60 inguru kiskali du.
EITB Media
Atzo goizean garrak egonkortzea lortu zuten arren, suhiltzaileek lanean jarraitzen zuten atzo arratsaldean, aireko baliabideen laguntzarekin, asteartean Vedado de Eguarasen, Erregeren Bardeako parke naturalaren barruan dagoen balio ekologiko handiko paraje batean, piztutako sutea itzaltzeko.
Zeregin horretan ari dira Tutera, Azkoien, Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Cordovillako parkeetako suhiltzaileak, BHIFeko kideak eta Nafarroako Gobernuko Baso zaintzaileak, eta Tuterako Gurutze Gorriko eta Babes Zibileko boluntarioak, laguntza logistikoa emanez.
Sua itzaltzeko dispositiboaren arduradunek traktoreak eramateko eskatu zizkieten inguruko nekazariei, freskatze- eta errematatze-lanetan laguntzeko. Lurraren idortasunak eta tenperatura altuak zaildu egin dute sua kontrolatzeko lana, eta, ondorioz, hainbat lekutan, itzali ondoren, berriro piztu da sua.
112 larrialdietarako telefono zenbakian 20:17an jasotako dei batek ohartarazi zuen suaz. Antza, labore soro bateko uzta biltzen ari zirela, makinak su hartu zuen eta garrak landan barrena zabaldu ziren. Hasiera batean, Tutera, Azkoien eta Tafallako suhiltzaileak bertaratu ziren, baita bi helikoptero eta Noaingo aireportuan basea duen Azor hegazkin bat ere.
Gaua heltzearekin batera, sutea airez amatatzeari utzi behar izan zioten, eta lurretik indartu ziren lanok, Lizarra, Zangoza eta Cordovillako suhiltzaileekin.
Tokiko hainbat hedabideren arabera, suak Vedado de Eguaras parke naturalaren % 60 hartu du, eta, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, kalte handia egin du ingurumenean, balio ekologiko handiko eremua delako.