Gizartea -

Gazteen Ahotsa

Ander Herreros, 31 urte: "Asteazkenean positibo eman nuen eta igandean ZIUn nengoen"

Ander Herreros 15 egunez egon zen ZIUn ingresatuta, covid-19ak jota, eta gaixoaldiak epilepsia eragin dio.

Leire Barroso eta Ander Herreros. Argazkia: EITB Media
Leire Barroso eta Ander Herreros
Leire Barroso eta Ander Herreros. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren ondorioz ospitaleratutako gaixoen % 40,9 40 urtetik beherakoak dira. Ander Herreros 15 egunez egon zen ZIUn intubatuta, eta gaixoaldiak epilepsia eragin dio.

Osakidetzako ospitaleetan ingresatutako gaixoen bataz besteko adinak behera egiten jarraitzen du. Egun, 52,49 urteetan dago zifra, lehen olatuko 65en aurrean. Adinaren beherakada ZIUetan ere igarri dute, gero eta gaixo larri gazteagoak baitituzte. Iragan astean, ospitaleratuen gehiengoak 18 eta 39 urte bitartekoak ziren.

Ander Herrerosek 30 urte zituen covid-19arekin kutsatu zenean. Radio Euskadiko "Boulevard Informativo"n azaldu duenez, "nekea eta buruko mina" sumatu zituen hasieran. Ordu batzuk igarota, baina, sukarrarekin hasi eta ondoezik sentitu zen. Asteazken batean eman zuen positibo eta aste bereko larunbatean ingresatu zuten. 24 ordura, ZIUn zegoen eta ez du orduko ezer gogoratzen.

Ander artatu zuten osasun langileei emozionalki eragin zien pertsona gazte bat horren larri ikusteak. Intubatu gabe aurrera ateratzen saiatu ziren arren, ezinezkoa izan zen, eta ingresatu eta 24 ordura intubatu egin zuten. Orotara, 15 egun egon zen hodi bidez arnasten, eta beste hiru aste ZIUn. Anderrek amets arraroak zituela gogoratzen du, baita hodia kentzen saiatu ostean lotu egin behar izan zutela. Zaintza Intentsiboetako Unitatean zegoenean oso ahul zegoela azaldu du, "ibiltzea eta zutuntzea ezinezkoa zen, ezin nuen edalontzirik eutsi, ezta nire kabuz edan", esan du Herrerosek.

Anderrek berak eta Leire Barroso bikotekideak adierazi dute, gazteak eta patologiarik gabekoak izanda, pentsaezina zitzaiela covid-19ak horren modu bortitzean eragitea. "Edonori gerta dakioke", azpimarratu dute. Kutsatzeen areagotzeari dagokionez, Herrerosek uste du gizartea ez dela zuzen jokatzen ari, "ez dugu guztion ongizatean pentsatzen, norberarenean baizik".

Covid-19arengatik ingresatuta egon ostean, Anderri epilepsia diagnostikatu diote. ZIUn kontrolatzea lortu zuten arren, egunero zaindu behar da, krisirik ez izateko. Medikuek arraipen neurologikoa egiten diote, "betirako" izango den gaitzak txarrera egiten ez duela bermatzeko.

Azkenik, Anderrek "erizaintza gunean ordu batzuk pasatzeko" gonbidapena egin die segurtasun neurriak errespetatzen ez dituztenei, errealitatea zein den ezagutzeko. "ZIUn gertatzen dena bertatik bertara bizitzeak gauzen perspektiba aldatzen dizu", erantsi du Herrerosek. Ospitaleetan bizi duten egoera ikustarazteak gizarteak kontzientzia hartzeko balioko lukeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Gazteak Maskarak