Publizitatea
Itxi

2021/07/22

12:20

Gizartea

Koronabirusa

LABIk murrizketa berriak ezartzea aztertuko du arratsaldean, pandemiak okerrera egin eta gero

EITB Media

Lehendakariak LABIren bileraren ostean egingo duen agerraldia zuzenean eskainiko du eitb.eus-ek, 18:00etatik aurrera.

  • LABIren aurreko bilera bat.

    LABIren aurreko bilera bat. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskadiko erakundeetako ordezkari nagusiek koronabirusaren aurkako murrizketa berriak ezartzeko aukera aztertuko dute berriro gaur, pandemia osoan egun bakarrean kasu positibo gehien atzeman ostean: 1.801.

Testuinguru horretan, LABIko teknikariak goizean bilduko dira. Ondoren, 16:30ean, LABIko Aholku Batzordea bilduko da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru eta hiru ahaldun nagusiek eta erakundeetako beste ordezkari batzuek osatzen duten organoa. Adituen irizpena aztertuko dute bertan, eta, beharrezko iritziz gero, murrizketa berriak onartu edo ez erabakiko dute.

18:00etatik aurrera, Urkulluk prentsaurrekoa emango du hartutako erabakien berri emateko. eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du lehendakariaren agerraldia.

Txertaketak asko egin du aurrera, baina pandemiaren adierazle estatistiko nagusiak nabarmen okertu direnean egingo dute LABIren bilera, azken 14 egunean 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 682ra iritsi baita, Bizi Berri IV planean jasotako egoerarik okerrena gaindituta. Gainera, ZIUetan dauden gaixoen kopurua ia bikoiztu egin da azken bi asteotan: 48 gaixo zituzten zainketa intentsiboen unitateetan uztailaren 21ean, eta 25 ziren uztailaren 7an.

Atzo, Eusko Jaurlaritzako buruak aurreratu zuen LABIk beharrezko neurriak hartuko dituela delta aldaeraren transmisio handia "oztopatzen saiatzeko", egun positibo berrien % 75 aldaera horrekin kutsatu baitira.

Horretarako, ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrean onartutako pandemiaren aurkako legeak ematen dituen aukerak aztertzen jarraituko dutela zehaztu du.

Neurriak egokitu behar

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ostegun honetan gogorarazi duenez, beste autonomia erkidego batzuek pandemiari aurre egiteko eskatzen dituzten murrizketa "asko" indarrean daude Euskadin, besteak beste, ostalaritzako mahaietan sei pertsona baino ez egotea,  lokaletan zutik kontsumitzea debekatzea eta barruko edukiera % 60ra murriztea.

Nabarmendu du transmisioa "altua" dela, nahiz eta ospitale eta ZIUetan ez duen beste olatu batzuen eraginik. Horren harira, azpimarratu du egoerari aurre egiten jarraitu behar dela, "pandemiaren aurkako Legeak eta Bizi Berri Planak ezarritakoaren arabera har daitezkeen neurriak hartuz".

Kontuak horrela, Eusko Jaurlaritzak ordubete aurreratu lezake ostalaritzaren itxiera, eta lokalen barneko edukiera % 30era arte murriztu. Neurri horiez gain, ezer gutxi gehiago egin ahal izango du, ezin baita gaueko etxeratze-agindua dekretatu, ezta kanpoko maskararen erabilera behartu ere.

Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak esan du prest legokeela neurri "murriztatzaileagoak" onartzeko, betiere Eusko Jaurlaritza bere eskumenetara mugatzen bada.

Kasu positiboak, guztira: 225.860 (uztailaren 17tik Osakidetzak ez du datua egunero berritzen; uztailaren 18An berritu du azkenengoz). Koronabirusak gaixotutakoen artean, 116.860 emakumezkoak dira, 108.876 gizonezkoak eta 52k ez dute zehaztu.

Hildakoak, guztira: 4.429 (uztailaren 17tik Osakidetzak ez du datua egunero berritzen; uztailaren 18an berritu du azkenengoz).

Negatibo eman dutenak (positibo eman ondoren negatibo eman dutenak): 31.921 (uztailaren 17tik Osakidetzak ez du datua egunero berritzen; otsailaren 14an berritu du azkenengoz).

Ospitalean alta jaso dutenak: 14.074 (uztailaren 17tik Osakidetzak ez du datua egunero berritzen; otsailaren 14an berritu du azkenengoz).

Taula honetan, orain arte EAEko udalerrietan atzemandako kasu guztien kopurua agertzen da (maiatzaren 13tik PCR positiboak bakarrik gehitzen dira; uztailaren 18an berritu dira azkenengoz datuak):

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;