Gizartea -

Koronabirusa

Asteburuetan eta jaiegunetan etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu du Nafarroako Gobernuak

Asmoa da gauean izan daitezkeen topaketak eta ospakizunak saihestea, bi astean 250 kasu baino gehiago edo astebetean 125 kasu baino gehiago atzematen dituzten udalerrietan. Agindua uztailaren 24tik 28ra bitartean indarrean egotea espero du Foru Gobernuak.

Iruñeko Justizia Jauregia. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Iruñeko Justizia Jauregia. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Iruñeko Justizia Jauregia. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Positibotasun-tasa altua duten Nafarroako udalerrietan, asteburuetan eta jaiegunetan etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu dio ostegun honetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari (NJAN). Agindua uztailaren 24tik 28ra bitartean indarrean egotea espero du Foru Gobernuak, covid-19ari aurre egiteko. Bigarrengoz saiatu da etxeratzeko agindua lortzen, epaileek aurreko eskaera "zehaztasun faltagatik" baztertu ostean.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak azaldu duenez, egun horiek, asteburu bat izateaz gain, Santiago eguna ere badute, eta urte normaletan, herriko jai ugari ospatzen dira, aurten bertan behera geratu diren arren. Hala, araudiaren bidez, "gaueko topaketak eta ospakizunak saihestu nahi dira, Nafarroan, oro har, kezkatzen gaituen interakzio sozial handiko asteburu batean".

Proposamen berrian, Foru Gobernuak etxeratze-aginduaren "beharrari" eusten dio, "baina asteburuetara eta jaiegunetara mugatuta, bi astean 250 kasu baino gehiago edo astebetean 125 kasu baino gehiago atzematen dituzten udalerrietan. Hau da, 'arrisku handia' deritzon intzidentzia duten herrietan".

Gainera, asteburuetatik eta jaiegunetatik haratago, herriko jaiak egun horietan ospatu ohi dituzten udalerrietan ere etxeratzeko agindua ezartzeko baimena eskatu du Nafarroako Gobernuak, 'ez-jaietan' gaueko topaketak eta ospakizunak saihestu eta mugikortasuna mugatzeko.

Auzitegiaren ebazpena aztertu ostean, irizpide berriekin etxeratzeko agindua ezartzeko baimena lortuko dutela uste du Foru Gobernuak. Izan ere, "neurri zehatzagoa eta kirurgikoagoa" da. "Horrekin, epaitegiaren eskakizunak betetzen ditugula uste dugu", esan du Remirezek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea María Chivite Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea