Gizartea -
INTIMITATEAREN AURKAKO DELITUA
Gizon bat ikertzen ari dira, Nafarroako Mutiloako taberna bateko emakumeen komunetan grabazioak egiteagatik
Hilaren hasieran atxilotu zuten gizona, komun publiko batean grabatzen harrapatuta. Haren etxea miatzerakoan aurkitu zituzten Mutiloako (Nafarroa) tabernako komuneko grabazioak.
EITB MEDIA
Iruñeako Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegia gizon bat ikertzen ari da intimitatearen aurkako ustezko delitu batengatik, Mutiloan (Nafarroa) zerbitzari zen tabernako emakumeen komunetan grabazioak egiteagatik, zehazki.
Antzeko beste ekintza batzuengatik ikertua izate ari zen jada gizonezkoa; hilaren hasieran Iruñeako komun publiko batzuetan mugikorrarekin grabatzen harrapatu zuten eta atxilotu egin zuen Udaltzaingoak.
Haren etxea miatzerakoan topatu zituzten, hain zuzen, Mutiloako tabernako komunetan emakumeei egindako grabazio ugari.
Tabernako jabeek ez zuten euren lokalean gertatzen ari zenaren inongo susmorik. Udaltzaingoaren esku utzi dute erreserben liburua, grabazioetan agertzen diren biktimak aurkitu ahal izateko. Era berean, tabernan azken hilabeteetan egon diren emakumezkoei eskatu diete sala dezatela gertaturikoa.
Poliziak kaltetuei deituko die
Iruñeko Udaltzaingoak twitter sare sozialean jakinarazi duenez, taberna horretako komunean egindako grabazioen ondorioz kaltetutako pertsonak banaka deituko ditu deklarazioa hartzeko.
Poliziak aurreratu du kontu horren harira deitu duten pertsona guztiak izango dituela kontuan, eta banaka txanda emango zaiela. Nolanahi ere, bitartean edozein zalantza argitzeko edo informazioa eskatzeko 948420694 telefono zenbakia erabiltzeko eskatu du, hala 092 zenbakia ez kolapsatzko.