Gizartea -

Bizkaia

Zornotzako jipoiagatik atxilotutakoak Koala Anaiak izeneko talde bortitz bateko kideak dira

EITBk baieztatu duenez, zortzi atxilotutakoak Bizkaian antzeko ekintzak egiteagatik aurrekari ugari dituen talde bateko kideak dira. Igandean Lemoako gazte bat jipoitu zuten, eta larri dago Gurutzetako ospitalean.

Dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarekin zerikusia dutela-eta.
Dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarekin zerikusia dutela-eta.
Dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarekin zerikusia dutela-eta.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITBk baieztatu ahal izan duenez, asteburuan Zornotzan gazte bati emandako jipoi bortitzagatik atxilotutako zortzi gazteak Koala Anaiak izeneko talde gatazkatsu eta bortitz bateko kideak dira; aurrekari ugari dituzte antzeko gertakariengatik Bizkaian.

Bost adingabeak dira, eta horietako bat bere kabuz joan da Erandioko ertzain-etxera, tutore legalarekin batera.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak Ertzaintza egiten ari den polizia-operazioari buruzko xehetasunak eman ditu gaur, eta, azaldu duenez, baliteke atxiloketa gehiago egitea. Halaber, azpimarratu du atxilotuek hainbat delitu jasan ditzaketela, besteak beste, "hilketa saiakera".

Hala ere, lekukotzak eta ebidentzia gehiago jaso arte itxaron behar dela esan du, "dokumentuetan eta testigantzetan babes sendoagoa" izateko, bakoitzari egotz dakizkiokeen delituak argudiatu ahal izateko. Izan ere, dienez, "ez du bideo batekin bakarrik balio" lan hori egiteko. "Erasotzaileen benetako borondatea zein zen ikusi beharko da, lesioa eragin nahi zuten edo haratago zihoan; hau da: gaztearen bizitza modu bortitzean akabatu nahi zuten ala ez", zehaztu du.

Erasoak gorroto-osagai bat izateko aukerari dagokionez, sailburuak esan du nahiago duela gai horren inguruan "espekulaziorik ez egitea", iritzi publikoan gorroto-osagai horren ideia "ezkutatuta" egon daitekeelakoan.

Bien bitartean, biktimak oso larri jarraitzen du, Gurutzetako Ospitalean, haren aitak azaldu duenez.

Gertatutakoaren kontaketa 

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, larunbatetik iganderako goizaldeko 03:30ean, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon bat zaurituta zegoela Zornotzako Juregibarria lorategian; antza denez, eraso baten biktima zen. 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak eta anbulantzia bat bertaratu ziren. Gaztea konorterik gabe eta hainbat ubeldura zituela ikusita, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. 

Iturri horien arabera, hogei bat gaztek osatutako talde batek "sekulako jipoia" eman zion biktimari. Modu antolatuan jokatuz, gaztea inguratu egin zuten "inolako babesik gabe" utzita, eta gehiago zirela aprobetxatuta. Guztiek hartu zuten parte erasoan, "modu aktiboan", Ertzaintzaren hitzetan. 

Erasotzaileek objektu sendoak erabili zituzten, hala nola makilak eta botilak, biktima konorterik gabe lurrean botata utzi zen arte. Nolanahi ere, taldeak kolpeka jarraitu zuen, eta azkenean harean ondasunak ostu eta ihes egin zuen. 

Ondorengo orduetan, erasotzaileek gertakaria grabatu zutela eta sare sozialen bidez erasoaren irudiak zabaltzen ari zirela jakin zen. 

Halaber, Ertzaintzak baieztatu egin du erasoan parte hartu zuten pertsona berberek gau hartan beste eraso eta lapurreta batzuetan parte hartu zutela. Gutxienez beste lau gaztek erasoak eta lapurretak jasan zituzten. 

Antzeko talde bat atxilotu zuten Gorlizen, maiatzean 

Pasa den maiatzean, Ertzaintzak beste talde bateko zortzi kide atxilotu zituen, Gorlizko Pinudian adingabe bati egindako antzeko eraso baten harira. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten. 

Talde horrek ere borrokak sortu eta biktimei bortizkeria handiz erasotzen zien. Gainera, erasoen bideoak sare sozialetan zabaltzen zituen. 

Gaitzespen elkarretaratzeak

Lemoako Udalak (biktima bertakoa da) elkarretaratzea deitu du ostegunerako, 20:00etan, udaletxearen aurrean, gertatutakoa salatzeko.

Udalak elkartasuna adierazi dio gaztearen familiari, eta "jarrera eta jokabide bortitz horiek" arbuiatu ditu. Era berean, "pandemiaren ondorioei diziplina eta hezkuntza anitzeko ikuspuntutik heltzeko beharra" azpimarratu du, "hezkuntza, prebentzioa eta tolerantzia ardatz hartuta".

Asteartean, Zornotzan, ehunka pertsonak protesta egin zuten, ostalariek eta hainbat gizarte mugimenduk deituta, "hau ez da eraiki nahi dugun herria" lelopean.

Zornotzako Udalak herria "segurua" dela berretsi du

Zornotzako Udalak gazte lemoaztarrak jasandako erasoa gaitzetsi du adierazpen instituzional batean, eta herria "udalerri segurua" dela gogorarazi du.

Halaber, biktimaren familiari babes osoa adierazi dio eta hau ez dela herritarrek aukeratu duten herria azpimarratu du.

Horrelako egoerak saihesteko aurretik ere lanean dabiltzala azaldu du, eta horretarako, herrian Udaltzaingoaren presentzia areagotu eta Ertzaintzari ere laguntza eskatu ziotela gogorarazi du. Era berean eskerrak eman dizkie erasoa ikertzen egiten ari diren lanagatik.

Amaitzeko, gaur arratsaldean Lemoan egingo den elkarretaratzean Zornotzako Udaleko ordezkaritza batek ere parte hartuko duela jakinarazi du, gertakariak salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Zornotza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Durangaldea