Gizartea -

Erasoa

Lehen gaua igaro dute espetxean Zornotzako jipoiagatik atxilotutako hiru adin nagusikoetatik bik

Hirugarrena, 38 urteko gizonezkoa, aske utzi dute, eta hilean behin epailearen aurrean agertu beharko du.

Dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarekin zerikusia dutela-eta.
Dagoeneko zortzi pertsona atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarekin zerikusia dutela-eta.
Epaileak espetxera bidali ditu 19 eta 20 urteko bi gazte; hirugarrena aske geratu da

1:18

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zornotzako erasoarekin lotuta atxilotutako hiru helduetako bik espetxean igaro dute dagoeneko lehen gaua. Deklaratzeari uko egin zioten 19 eta 20 urteko bi gazte dira.

Asteburuan Zornotzan (Bizkaia) Lemoako gazte bati egindako eraso bortitzean ustez parte hartzeagatik atxilotutako hiru helduetako bi fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

38 urteko gizonezkoa, ordea, aske geratu da, eta hilean behin epailearen aurrean agertu beharko du. Hala jakinarazi du haien abokatuetako batek, eta azpimarratu du hirugarren horrek ez duela "parte hartu erasoan".

Bien bitartean, atxilotutako bost adin txikikoetako lau adingabeentzako zentro ezberdinetan sartu zituzten atzo, eta bosgarrena zaintzapean aske utzi zuten, karguekin.

Zortzi atxilotutakoak, 15 eta 38 urte artekoak, Koala Anaiak izeneko talde gatazkatsu eta bortitz bateko kideak dira, eta aurrekari ugari dituzte Bizkaian antzeko beste hainbat eraso egiteagatik.

Guztira, hogei bat pertsonak parte hartu zuten erasoan, denek "modu aktiboan".

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak Ertzaintza egiten ari den polizia-operazioari buruzko xehetasunak eman zituen atzo, eta oraindik ere atxiloketa gehiago izan litezkeela esan zuen. Horren esanetan, atxilotuei hainbat delitu leporatu diezaiekete, besteak beste, "hilketa saiakera".

Hala ere, lekukotzak eta ebidentzia gehiago jaso arte itxaron behar dela esan zuen, "dokumentuetan eta testigantzetan babes sendoagoa" izateko, bakoitzari egotz dakizkiokeen delituak argudiatu ahal izateko; izan ere, horren hitzetan, "ez du bideo batekin bakarrik balio" hori egiteko. "Erasotzaileen benetako borondatea zein zen ikusi beharko da, lesioa eragin nahi zuten edo haratago zihoan; hau da, gaztearen bizitza modu bortitzean akabatu nahi zuten ala ez", zehaztu zuen.

Erasoak gorrotoaren osagaia izateko aukerari dagokionez, sailburuak esan du nahiago duela gai horren inguruan "espekulaziorik ez" egitea, iritzi publikoan gorrotoaren osagai horren ideia "ezkutatuta" egon daitekeelakoan.

Bien bitartean, biktimak oso larri jarraitzen du, Gurutzetako Ospitalean, horren aitak berak jakitera eman duenez.

Gertatutakoaren kontaketa 

Segurtasun Sailaren arabera, larunbatetik iganderako gauean, 03:30ean, Zornotzako Jauregibarria parkean mutil bat zaurituta zegoela jakinarazi zioten Ertzaintzari; antza denez, eraso baten biktima izan zen. 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak eta anbulantzia bat bertaratu ziren. Gaztea konorterik gabe eta hainbat zauri zituela aurkitu zuten, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri. 

Iturri horren esanetan, hogei bat gaztek osatutako talde batek "sekulako jipoia" eman zion biktimari. Modu antolatuan jokatuz, inguratu egin zuten "inolako babesik gabe" utzita eta gehiago zirela aprobetxatuta. Guztiek hartu zuten parte erasoan, "modu aktiboan", Ertzaintzaren hitzetan. 

Erasotzaileek objektu sendoak erabili zituzten, makilak eta botilak, besteak beste, biktima konorterik gabe lurrean botata utzi arte. Nolanahi ere, taldeak kolpeka jarraitu zuen, eta biktimari bere ondasunak ostu ondoren, ihes egin zuten. 

Ondorengo orduetan jakin zen erasotzaileek gertakaria grabatu zutela eta sare sozialen bidez erasoaren irudiak zabaltzen ari zirela. 

Ertzaintzak baieztatu duenez, erasoan parte hartu zuten pertsona berberek gau hartan beste eraso eta lapurreta batzuetan parte hartu zuten. Gutxienez beste lau gaztek jasan zituzten horien erasoak eta lapurretak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Zornotza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Durangaldea azken ordukoa