Gizartea -
Trafiko istripua
Motozale bat hil da N-622 errepidean, Zuian, bidetik aterata
Istripua 21:00etan jazo da. Horren ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira Bilborako noranzkoan, eta 22:00ak aldera bi kilometrorainokoak ziren.
Agentziak | EITB Media
Motozale bat hil da igande honetan Zuian (Araba), N-622 errepidean, bidetik irten ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Istripua 21:00etan jazo da, motozalea bidetik atera denean. Istripua izan ondoren, ezkerreko erreian etzanda geratu da.
Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun-langileak bertaratu dira, eta biktima artatu dute. Alabaina, motozalea bertan hil da, istripuan zauri larriak egin ondoren.
Ezbehar horren ostean, errepidea erabat itxi dute hamar minutuz Bilborako noranzkoan, segurtasunez lan egin ahal izateko, eta eskuineko erreia ireki dute gero.
Horren ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira Bilborako noranzkoan, eta 22:00ak aldera bi kilometrorainokoak ziren.