Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia modu esanguratsuan hasi da jaisten EAEn

Azken 14 eguneko tasak (858) 11 puntu egin du behera. ZIUetako egoerak ere hobera egin du azken orduetan, eta 60 eri daude larri, bezperan baino hiru gutxiago.

Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Donostia Ospitalea.
Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birusak harrotuta jarraitzen du EAEn, eta igande honetan 767 positibo berri zenbatu dituzte. Dena dela, azken 14 egunetako intzidentzia metatuak bilakaera positiboa izan du azken egunetan: pilatutako tasa 858 kasukoa da 100.000 biztanleko, bezperan baino 11 puntu txikiagoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.

Astelehenero bezala, igandean atzemandako kutsatzeak astegunetan baino nabarmen beherago daude, proba diagnostiko gutxiago egin ohi baitira. Atzokoan 7.280 izan ziren, eta horietatik % 10,5 izan ziren positibo (positibotasun tasa puntu pasatxo jaitsi da, hortaz). Hori horrela, beherakada hori ez da oso esanguratsua.

Aipagarria da, ordea, EAEko erietxeetako egoeran sumatutako hobekuntza. Jaitsi egin da gela arruntetan ingresatutako pertsonen kopurua (239 dira, larunbatean baino lau gutxiago), baita ZIUetan dauden eri larrien kopurua ere: gaur-gaurkoz, 60 dira, bezperan baino hiru gutxiago. Atzokoan 33 ospitaleratze izan ziren, larunbatean baino bi gehiago.

Intzidentzia-tasa metatuak hiru lurraldeetan izan du bilakaera positiboa, eta azken egunetan ez bezala, behera egin du Bizkaian ere (932 kasu 100.000 biztanleko). Dena dela, EAEko batez bestekoaren gainetik dago oraindik (858). Gipuzkoako kurbak egunak daramatza jaisten (azken datua 773 puntukoa da), baita Araban ere (654).

Pilatutako tasan ez ezik, atzemandako kutsatzeen kopuruan ere denen buru dago Bizkaia, atzo 457 zenbatu baitzituzten (larunbatean 555 izan ziren). Ondoren, Gipuzkoan hauteman zituzten gehien (200, bezperan baino 34 gutxiago) eta ondoren, Araban (igandean 95; larunbatean, berriz, 122). Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi direnen artean zenbatutako 15 kutsatzeak gehitu behar zaizkie.

Oinarrizko birsorkuntza indizeak (R0 deiturikoa) ere bilakaera ona izan du, igande honetan apur bat gora egin badu ere (0,90). Positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du zenbaki horrek, eta, epidemiologoen arabera, pandemia garaian 1etik behera egotea da gomendagarriena.

5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan dagoen egoera epidemiologikoari dagokionez, ez da aldaketarik izan ostiraleko datuekin alderatuta (asteburuan ez dituzte herriz herriko datuak jakinarazten). 71 herri handi daude gorrian (400 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). Gainera, 14 udalerrik 1.000 kasuko langa gainditu dute. Markina-Xemeinen (Bizkaia) dago egoera makurren. Bizkaiko udalerri horretan, 12 kasu berri zenbatu dituzte asteburuan, eta pilatutako tasa 5.000 kasutik gora dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak