Gizartea -
Bizkaia
Droga-trafikoan eta kapital-zuriketan espezializatutako sare kriminal bat desegin dute
Elkarren artean konektatuta zeuden lau taldek osatzen zuten sarea. Hala ere, erakunde nagusi bat zegoen, besteak kokainaz hornitzeko ardura zuena. Miaketak egin dira Bizkaian, Madrilen eta Valladoliden.
EITB Media
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, hainbat udaltzainekin elkarlanean, droga-trafikoan eta kapital-zuriketan espezializatutako delinkuentzia-sare konplexu bat desegin dute. Taldeak kokaina banatzen zuen Bizkaian, Madrilen, Toledon, Salamancan, Leonen, Valladoliden, Asturiasen, Kantabrian, Zaragozan eta Burgosen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Aguila Madrid izeneko ikerketak lau talde kriminal atzeman ditu, euren artean modu independentean jarduten zutenak, baina kokainaz hornitzeko erakunde nagusi bakar batean elkartzen zirenak, Madrilen. Operazio horretarako, Ameriketako Estatu Batuetako Drogen Aurkako Agentziaren (DEA) laguntza izan dute; horrek, ikertutako batzuei buruzko informazioa eman die poliziei.
Guztira, 23 miaketa egin dituzte Bizkaian, Madrilen eta Valladoliden, eta 239 kilo kokaina eta 754 gramo haxix atzeman dituzte. Gainera, kokaina aizuntzeko laborategi bat desegin dute Getafen (Madril). Halaber, 697.000 euro, bost su-arma, debekatutako armak, arma zuriak eta polizia uniformeak atzeman dituzte, baita "polizia full" edo polizia faltsu gisa jarduteko argi-elementuak ere.
Talde guztietako kideak identifikatu eta atxilotu dituzte agenteek, eta, azpimarratu dutenez, gehienek polizia-aurrekariak dituzte.
Kapitalak zuritzea
Polizia iturrien arabera, atxilotuak adituak ziren dirua zuritzen eta, beraz, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegi Zentraleko titularrari eskatu diote banketxeetako 203 kontu blokea ditzan, 750.000 euro baino gehiago dituztenak; era berean, 43 etxebizitza eta 121 ibilgailu blokeatu dituzte, gehienak gama altukoak.