Gizartea -

Koronabirusa

Positiboek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan, 239 kasu berrirekin, baina positibitatea %12koa da

Covid kasu berriek asko izaten jarraitzen dute, baina beheranzko joera nabarmena da azken asteekin alderatuta. Tuteran (19), Cascanten (14) eta Iruñeko Txantrea auzoan (12) agertu dira kasu berri gehien.

Txertaketa Iruñeko Maristen eskolan. Argazkia: EFE
Txertaketa Iruñeko Maristen eskolan. Argazkia: EFE
Txertaketa Iruñeko Maristen eskolan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak 239 koronabirus kasu berri diagnostikatu ditu azken 24 orduetan, bezperan baino 32 gutxiago. Hala, azken gorabeheren ondoren, hirugarren eguna da, jarraian, kopuruak behera egiten duela, Nafarroako Gobernuak larunbat honetan emandako datuen arabera.

Kasu berri gehienak Tuteran (19), Cascanten (14) eta Iruñeko Txantrea auzoan (12) atzeman dituzte.

Atzo 1.195 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horien % 12k positibo eman zuten, OMEk zehaztutako gehienezko % 5etik oso urrun oraindik.

Dena dela, duela astebetekoak (345 kasu) edo duela 14 egunekoak (441) baino nabarmen hobeak dira datuak, nahiz eta oraindik ere gomendatutako zenbaki eta tasetatik urrun dauden. Hori dela eta, indarrean jarraitzen dute Foru Gobernuak birusaren hedapenari aurre egiteko ezarritako ezohiko neurriek, abuztuaren 12ra arteko etxeratze-aginduak kasu.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 101 covid gaixo zeuden ostiralean gela arruntetan eta 18 Zaintza Intentsiboetako Unitatean (bezperan baino hiru gutxiago). Hamaika lagun ospitaleratu zituzten egunean zehar baina ez zen hildakorik izan.

Bestalde, herritarren txertaketa-prozesuak aurrera jarraitzen du. Gaur egun, 12 urtetik gorako nafarren % 70,3k du pauta osoa, eta % 78,7k, gutxienez, dosi bat (Nafarroako biztanleria osoa kontuan hartuta, % 61,8k du jarraibide osoa, eta % 69,1k dosi bat gutxienez).

EAEri dagokionez, 879 kasu berri diagnostikatu zituzten atzo eta %11,1ekoa da positibitate tasa. 93 positibo atzeman zituzten Araban, 520 Bizkaian eta 247 Gipuzkoan. Une honetan 67 pertsona daude Zaintza Intentsiboetako Unitateetan covid-19a dela eta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa