Gizartea -
Trafikoa
Bi lagun zauritu dira A-1ean, Gasteizen, kamioi batek izandako istripua tarteko
Autobidea guztiz itxita egon da, baina zirkulazioa leheneratzen ari da. Ibilgailua bidetik irten da 06:30 aldera, eta autobideko zutabe baten kontra jo du.
Agentziak | EITB MEDIA
Bi pertsona zauritu dira gaur A-1ean, Gasteiz parean, kamioi batek izandako istripua tarteko. Ezbeharraren ondorioz, errepidea guztiz itxi behar izan dute bi noranzkoetan, eta ilarak sortu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 06:25 aldera jazo da, 345 kilometroan. Irungo noranzkoan zihoan kamioi bat bidetik irten da, autobideko erdibitzailean sartu da eta zutabe bat jo du.
Hasiera batean, autobidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute. Zirkulazioa Jundizko industrialdetik bideratu dute, eta ilarak sortu dira. Garbiketa lanak egin ondoren, Irungo bidea zabaldu dute, baina 10:00etan, Madrilgo noranzkoan errei bat zegoen itxita oraindik.
Kamioiaren gidaria ibilgailu barruan harrapatuta geratu da. Suhiltzaileek atera dute, eta Santiago Ospitalera eraman dute zaurituta.
Horrez gain, une horretan errepidetik zihoan auto bateko gidaria ere zauritu da (hura ere Santiago Ospitalera eraman dute). Talkaren ondorioz, kamioiaren zati batzuk errepidera jausi dira, eta bete-betean harrapatu dute beste autoa.